Zuloaga berraztertu dau Arte Eder Museoak

Dabi Piedra 2019-05-28 13:37   Kulturea

Eibarko margolariaren ibilbide osoa batu dabe 95 obrako erakusketan.

Miguel Zugaza eta BBK Fundazinoko Nora Sarasola eta Gorka Martinez, erakusketan (argazkia: Arte Eder Museoa) | Ikusi handiago | Argazki originala

Ignacio Zuloaga pintore eibartarraren (1870-1945) goitik beherako errepasoa egitea erabagi eban Bilboko Arte Eder Museoak orain dala bost urte inguru, Javier Viar zuzendari zala. Ardura horri heldu, eta Javier Novo eta Mikel Lertxundi komisarioen gidaritzapean, Zuloagaren ibilbidearen azterlan sakona egin dabe, eta horren erakusgarri diran 95 obra batu ditue atzera-begirako honetan. BBK Fundazinoa babesle nagusi dala, urriaren 20ra bitartean ikusi ahal izango da, museoko 32. aretoan.

Jakina, Zuloagaren ganean egon dan bibliografia guztia arakatu dabe komisarioek, baina hutsune batzuk topau ditue, esate baterako, pintorearen hasierako eta azken urteetako informazinoa azalekoa izan da. Lafuente Ferrarirena da Zuloagaren obren zerrenda argitaraturik osoena, baina 1950eko hamarkadakoa danez, datu asko gaurkotu behar izan ditue, eta zerrendan identifikautako 810 obra mila ingurura igon ditue Novok eta Lertxundik.

Orain arte Zuloagaren inguruan esan dan guztia barriro interpretau dabe komisarioek, ia zerotik hasi gara, esan dau Novok. Lertxundik ganeratu dauenez, ikuspegi antologikoa emon nahi dogu erakusketan. Zuloaga berraztertu eta egon diran hutsuneak bete eta gero, 95 obra aukeratu ditue museoan erakusteko, pintorearen sasoi guztietakoak. Zuloagaren nazinoarteko arrakastea ulertzeko giltzarriak dira horreek koadroak.

Mundu guztiko galeria, museo eta bildumagileakana jo behar izan dabe horreek obrak Bilbora ekarteko: Estadu Batuak, Austria, Polonia, Mexiko, Errusia eta abarretik laga deutsiez, eta hurragoko museoetatik be heldu dira asko, Bilboko Arte Eder Museoaren beraren bildumatik, berbarako. Suarez Zuloaga oinordekoen jaubetzako batzuk be badagoz.

Gaztarotik zahartzarora

Hamabost gaitan banatu ditue horreek obra guztiak, erespide tematiko eta kronologikoak segiduta. Zuloagaren ibilbidean esanguratsuak diran sasoi eta ikuspegi guztiak batu nahi izan ditue, adibidez, Pariseko lehenengo urteak, Gaztelan zehar ibili zanekoa, erretratuak, euskal gaiak, Espainiako Bigarren Errepublikearen denporetako sasoi koloretsuagoa, Francoren aldeko azken urteak...

Gaztaroko eta azken urteetako ikuspegi osoagoa emoten dau erakusketeak, aurretik egin diran lanakaz konparauta. Horrezaz gan, Gaztelako pertsonaien koadroen interpretazino barria da atzera-begirakoaren ekarpen nabarmenena. Orain arte, Espainia Baltzaren iruditzat hartu dira, desagertutako bizimodu baten erakusgarri sinpletzat. Baina Novo eta Lertxundi komisarioen ondorioa da, koadro horreek beste esangura bat eukiela euren sasoian, Zuloagak eta orduko jenteak ondo ulertzen ebena, baina hurrengo belaunaldiek ez.

Gizarteko azken klaseak, bazterreko lanbideak eta bizimodu ilunak erakustea zan Zuloagak Gaztelan bilatzen ebana, baita Pariseko koadro batzuetan be. Prostitutak, eskaleak, sensualidadea... sarri agiri dira, orain arte figura horreek beste modu baten interpretau diran arren.

Zuloagaren sasoiko ikuspegiaren eta gerokoaren arteko aldea ikusteko, adibide argigarri bat ekarri dabe komisarioek: XX. mendearen hasieran egindako koadro bat atzera bota eutsan Bilboko bildumagile batek, gaia desegokia begitandu jakolako. Ondoren, museo batek be gauza bera egin eban. Pintorea hil eta gero, koadro inuzentetzat jo izan da luzaroan, okerreko interpretazinoagaitik.

Erretratuetan maisu

Ignacio Zuloaga. 'Erretratua' (1908). HSA-NY-ren mailegua.

Miguel Zugaza Arte Eder Museoko zuzendariak azpimarratu dauenez, erretratuena be alor inportantea da Zuloagaren obran, artisteak bere burua erretratugiletzat euki ez arren. XIX. mendearen amaierako eta XX.aren hasierako jente anonimo zein ezagunaren erretratuak egin zituan, asko enkarguz. Jente apala duintasunez agertu eban eibartarrak, komisarioen arabera. Bitxia bada be, txakurren irudi asko be marraztu zituan, atzera-begirakoan ikusi leitekenez.

Javier Novo komisarioak ganeratu dauenez, erakusketa honetan Zuloagaren bizitzearen beste ikuspegi bat be emoten dabe, koadroak marraztetik harago doana. Artista totala izan zan eibartarra, Novoren arabera: bildumagile eta galeriakaz hartu-emonak izaten zituan bere koadroen zabalkunderako, obrak ondo gordeteaz arduratuta egoten zan, beste artista batzuen obrea ezagutzen eban... koadroen ibilbide osoa kontrolpean eukan, alderdi sortzaile zein komertzialetik.

Ignacio Zuloaga bere belaunaldiko artista esanguratsuenetako bat dala ziurtasunez esan dau Miguel Zugazak, ez Espainian bakarrik, baita mundu osoan be. Urruneko museoetara informazino bila jo dabenean, eibartarraren figurea errespetu handiz tratetan dabela ikusi dabe komisarioek. Hortaz, haren maisulan handiak ikusteko aukera parebakoa emoten dau orain Arte Eder Museoak, horreetako batzuk publikoari sekula erakutsi bakoak.

Ignacio Zuloaga. 'Gregorio nanoa botagilea' (1907), San Petersburgoko Hermitageren mailegua.

2019/05/29 - 2019/10/20

Bilboko Arte Eder Museoan

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu