'Muga deitzen da pausoa', barikuan zinema-aretoetan
2019-05-24 08:07 ZinemeaMaider Oleagaren film barriak Elbira Zipitria irakaslea dau ardatz.
Hainbat jaialditan erakutsi eta Lekeition aurrestreinaldia egin eta gero, areto komertzialetara helduko da egunotan Muga deitzen da pausoa euskerazko film luzea. Barikuan, hilak 24, estreinauko dabe Donostiako Príncipe, Bilboko Multicines eta Gasteizko Florida aretoetan.
Maider Oleagak zuzendutako pelikuleak saria irabazi eban Zinemaldia.cat jaialdian. Elbira Zipitria euskaltzale eta irakaslearen gorabeherak modu personalean kontetan ditu Muga deitzen da pausoa-k. Urte ilunetan euskerearen aldeko lan isil baina garrantzitsua egin eban emakume baten historia ezagun egitea da zuzendariaren helburua.
Izan be, Francoren diktadura bete-betean, bere etxean euskerazko eskolak emoten hasi zan Elbira Zipitria. Ume gitxi batzukaz hasi, eta urterik urte, gero eta moltso handiagoa batzen hasi zan, euskeraz ikasketak egiteko leku bakarra zalako Donostian, euskerazko irakaskuntza guztiz debekatuta egoan sasoi haretan.
Horrezaz gan, alderdi pedagogikotik be aurrerapena ekarri eban Elbira Zipitriak. Eredu tradizionala alboratu, eta metodo barritzaileak ezarri zituan. Neskak eta mutilak alkarregaz egoten ziran bere klaseetan, batzuk eta besteak bardin hezten zituan.
Maider Oleaga zinemagilea Donostiara bizi izaten joan zanean, pisu txiki bat alokatu eban Parte Zaharrean. Laster jakin eban etxe haretan emon zituala Zipitriak klaseak euskeraz. Orduan biztu jakon Zipitriaren gorabeherak ikertzeko asmoa, eta zazpi urteko ikerlan sakonaren ostean, Muga deitzen da pausoa filma da emoitzea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!