'Sarritan, euskalduna izatea lan gehigarria da'

Bizkaie! 2019-05-17 08:06   Kulturea

Literaturea, hutsitua edo banalizatua dan berbea zentzunez betetea da helburua.





Idazkien eta hizkuntzen arteko itzulpena ardatz dituan ekitaldiari Koldo Narbaizak (Bilboko Udala), Ana de Castrok (Bizkaiko Foru Aldundia), Miren Dobaranek (Eusko Jaurlaritza), Aurelia Arkotxa jardunaldiaren arduradunak eta Andres Urrutia euskaltzainburuak emon deutse hasierea.

Ekitaldiaren asmoa literaturea, sarritan zentzunez hutsitua edo banalizatua dan berba hori esanguraz betetea dala nabarmendu dau Arkotxak, betibe idazle eleaniztunaren ikuspegitik. Ikusmirea sortzean bertan jarri da, beraz, eta sortzaile horren tailerra izan leitekenari erreparau jako, jakinik tailer hori askotan nomadea dala, edonon baitago, etxean zein kafetegi bateko mahaian. Eleaniztunaren sorkuntzearen barruratze horretan, geografiei eta denporeari emon jake garrantzia eta Frantzian hizkuntza gitxitu lez sailkatzen diran horreetan idazten dabenei.

Bernardo Atxagaren neurrira antolatua dirudien jardunaldian, metafora batetik abiatu dau berbaldia idazle eta euskaltzainak: Itzulpenaz zein eskuizkribuez gogoeta bati ekiteko, izarrak hartu behar dira aurrena gogoan. Hizkuntzeak mapa astronomikoagaz alderatuz, ingelesa eguzki, gaztelania edota frantsesa planeta, katalana ilargiaren neurriko satelite litzatekez eta euskerea, barriz, asteroide, Atxagaren aburuz, zentrotik oso urrun dagoan hizkuntzea. Uniberso horretan dauen posizinotik beraz, berezkoa ez dauen funtzinoa emoten jako itzulpenari.

Bernardo Atxagak ondorio argi bat azaldu dau: Gatxa da itzulpena beste hizkuntzetatik gure asteroidera, baina konparazinoan erraza; askoz gatxagoa da euskeratik beste hizkuntzetara. Haren ustez, zein unibersotan gagozan kontuan hartzen ez bada, eta zailtasun horri ez bajako bere neurrian heltzen, benetan ez dogu etorkizunik. Horrezaz gan, asteasuarrak autortu dau sarritan euskaldun izatea lan gehigarria dala.

Olga Anokhina Parisko CNRS-ITEM institutuko hizkuntzalaria eta Patrick Hersant itzultzaile eta irakasleak idazle eleaniztunen zirriborroak ikertzearen garrantziaz ibili dira, besteak beste, sormen-prozesuaren arrastoak eta idazketearen estrategiak ulertzen laguntzen dabelako zirriborroek.

Anokhinak azaldu dauenez, idazle eleaniztunak bere pluraltasun linguistiko eta kulturalaren adierazpena bilatzen dau beti, batzuetan, hizkuntzen arrastoa testuan gordez; beste batzuetan, ostera, hizkuntza batetik bestera iraganez edo auto-itzulpenaren bidez, eta hainbatetan, inspirazinoa beste hizkuntzatan bilatuz.

Azpimarragarriak izan dira Euskera eta itzulpen literarioak eremu garaikidean atalean, Mari Jose Olaziregi euskaltzain urgazle eta EHUko irakaslearen berbak eta adibideak. Olaziregik giltzarritzat jo dau eleaniztasuna, sorkuntzan, banaketan eta harreran.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu