'Irudikatutako uria' zikloa estreinauko dabe Bilbon

Bizkaie! 2019-05-15 13:37   Zinemea

Zikloa Forever (2006) lanagaz hasi da.

Azkuna Zentroak, Bilboko Udalaren babesagaz, Irudikatutako uria. Zinemearen bidez uri bat eregiteko saioa Zinematekako zikloa eskainiko dau, maiatzaren 15etik garagarrilaren 4ra arte. Beraz, Zinemearen historiako 50 harribitxi urteko programeagaz batera proiektatuko da aldi batez.

Zortzi film luzek eta film dokumental labur bik osotzen dabe zikloa: uri-mapak, egunerokoak eta ezezagunak, eta laguntzinoa emongo deuskue beste uri bat eratzeko, norberarena, bizileku izan nahi geunkena edo izan nahi ez geunkena.

Azkuna Zentroko zuzendari Fernando Pérezek eta kazetari, idazle eta zikloko komisario Oskar Alegriak aurkeztu dabe gaur programea. Oskar Alegriak Las ciudades visibles izeneko argazkigintzako proiektu artistikoa egin dau, Enrique Vila-Matas idazlearen bermea dauena. Horrezaz gan, Punto de Vista Nafarroako Zinema Dokumentaleko Nazinoarteko Jaialdiaren zuzendari artistikoa izan da.

Prentsaurrekoan azaldu dauenez, Monopoly bat izango balitz legez, ziklo honek filmez osotutako uriko mapa bat eregiten eta proiektetan dau. Egun batean, izkina bat izango da protagonista; beste egun batean, plaza bat; aste batean, film batek hotel baten aitamena egingo deusku; hurrengoak kartzela bat aurkeztuko deusku; parke bat be egongo da... Eta, holan, piezaz pieza, irudiz osotutako uri baten gakoak batuko ditue film guztiek.

Helburua da dokumental garaikidea erabiliz, hausnarketa filmikoa planteetea gizakiaren asmakuntzarik handienetako bati buruz: Greziako polisaz, izan be, 2050ean mundu osoko hiru biztanletatik bi holako batean biziko dala uste da. Eta programan paradoxea eta jokoa erabiliko ditugu, irudikatuko dogun urian israeldar ule-apaindegi baten ondoan kanadar farmazia bat egongo baita, eta Habana erdian sortutako arbola batetik Parisko kanposantu batera joango baikara oinez: Père-Lachaise-ra, adierazo dau Alegriak.

Irudikatutako uria. Zinemaeren bidez uri bat eregiteko saioa gaur hasiko da, arratsaldez, Forever filmaren proiekzinoagaz (2006), Oskar Alegria komisarioak aurkeztuko dauen saio batez: Heddy Honigmann zinemagilearen film honetan, uriak bere isiltasunik eta, duda barik, bere altxorrik handienetako bat gordeten dau: Marcel Proust, Oscar Wilde, Jim Morrison, Maria Callas eta beste batzuen hilobiak... Eta erretratu bisuala ez da hildakoen berbakaz geratzen, jarraitu egiten deutselako bizitzan bisitaririk kezkatsuenei.

Datozen asteetan zikloak ibilbide bat egingo dau, hainbat emakumezko zuzendariren lana erakusteko: Heddy Honigmann (Holanda), Maya Goded (Mexiko), Myriam Ayçaguer (Frantzia), Roya Eshraghi (Iran), Irene Gutiérrez (Kuba), Iris Zaki (Israel) eta Claire Simon (Frantzia). Sorkuntza garaikideko erreferenteak dira danak, eta euren lanak ez ditugu zirkuitu komertzialean topauko.

Programea zarratzeko, Gianfranco Rossiren Sacro Gra (2013) lana izango dogu ikusgai: film honek poetikotasun handiz deskribiduten dau Erroma uri barruan hartzen dauen ingurabide handia, hor uri eternoa murruetatik kanpo hasten baita dardarka eta taupadaka. Haregaz batuko dogu gure zikloaren azken mapea.


Azkuna Zentroa eta zinemea

Azkuna Zentroa zinema eta ikus-entzunezkoen tokia da Bilbon. Programazino egonkorra izateaz gan, hemen izaten dira inguru honetako zinemaldirik eta topaketarik nagusienak. Programazinoaren oinarrizko arloetako bat da eta proiektu egonkorrak jorratzen ditugu, proposamen klasikoak eta garaikideak, estreinaldiak, zinemaldiak eta ziklo tematikoak buztartuz, eta BIdeOtik be eskainiz, hau da, ikus-entzunezko narratiba esperimentalagoen programea.

Era berean, zinema eta ikus-entzunezkoak Mediatekea egituratzen daben ardatzetako bat dira. Gure funtsean, ia 5.000 bolumen eta zazpigarren arteari eta zinemaren industriari buruzko 500 liburu inguru dagoz jasota. Gainera, maileguan hartzeko gehien eskatzen dan ataletako bat da: 500.000 alditan baino gehiagotan, jardunean emondako ia hamar urteetan.


Zinematekearen hamarkada bat

Azkuna Zentroko Zinematekeak programazio egonkorra izan dau ia azken hamarkada oso honetan, zinema klasikoari eta, aldi berean, sorkuntza-lan garaikideei eutsiz. Industriako jokerak eta eskaintza komertzial zorrotzak gaindituz, Azkuna Zentroa erreferentea da zinemagintzako kulturearen dibulgazino-arloan, urte honeetan programautako 65 zikloetara 50.000 lagun baino gehiago etorri baitira.

Gaur hasiko dan programaz gan, 2019an, Zinematekea zinemearen historiako 50 harribitxi aurkezten dabil, zeharkako errepaso bat egiten, XX. mendeko ikonografiaren zati handi baten oinarria dan irudia eregiteko balio izan daben maisulan batzuekaz. Zikloak oso harrera ona izan dau ikusleen artean, aurten 3.400 lagun baino gehiago hurreratu baitira orain arte.

Zinematekako saioak eguazten eta eguenetan izaten dira. Sarrerak -4,5€ / 3,5€ Az txartelagaz- Golem Zinemak txarteldegian eta webgunean erosi daitekez.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu