Zineuskadik 'Pokemon Pikatxu Detektibea' estreinauko dau maiatzaren 10ean

Bizkaie! 2019-05-10 08:06   Zinemea

Gazteenek zinemea euskeraz gozetea dau helburu Zineuskadik eta EiTBk barritu daben akordioak. 

EiTBren eta Zineuskadiren arteko alkarlanari esker, 2018. urtean 12 film estreinau izan dira areto komertzialetan eta 120.000 ikusle izan ditu Zinema Euskeraz programeak estreinaldiak eta eskoletako zirkuituak gehituta.

Gazteenek zinemea euskeraz gozetea dau helburu Zineuskadik eta EiTBk barritu daben akordioak. Akordio honi esker, HIRU3 ume komunidadeko kideek hainbat abantaila izango ditue 2019 osoan zehar Zinema Euskeraz programearen eskutik antolatzen diran estreinaldietan parte hartzeko (sarrerak, merchandising-a, etab.). 2018an, 7.592 kidek hartu eben parte HIRU3ren zozketetan, 2017an baino 1000 kide gehiagok. Aurten be, bide beretik jarraituta, txikienentzako estreinaldi bereziak, Zinegabonak egitasmoa eta ekitaldi barritzaile gehiago jarriko dira martxan.

2018an, 8 film eskaini ditu TINKO Alkarteak, edadearen arabera sailkatuta: Grufaloa (3-4-5 urte), Koko Dragoi Txikia (3-4-5 urte), Albert (6-7-8 urte), Luke & Lucy (6-7-8 urte), Asterix & Obelix (9-10-11 urte), Tarzan (9-10-11 urte), Pan (12-13-14 urte), Pikadero (15-16 urte).

Emoitzei jagokenez, 2018ko programeak 73.278 ikusle izan zituan 314 emonalditan, eta 43 udalerri eta 297 ikastetxek hartu eben parte. Ganera, Irudi Biziak Alkarteari esker, 5562 ikaslek Aurora filma gozetako aukerea izan dabe.

Bestalde, bihar, maiatzaren 10ean, estreinauko da Pokemon Pikachu Detektibea film ederra Euskadi eta Nafarroako zinema-aretoetan. Istorioa Harry Goodman detektibea desagertzen danean hasten da. Kontuak kontu, Tim, bere 21 urteko semea, jazotakoa ikertzen hasiko da. Pikachu detektibeak, Harryren Pokemon bikotekideak, ikerketan laguntzen dau. Oso detektibe maitagarri eta dibertigarria da, mundu guztia harrituta ixten dau, baita bere burua be! Tim eta Pikachu alkarren artean era ikaragarrian komunikau daitekezala konturatzen dira eta alkarregaz abentura hunkigarria biziko dabe misterio bitxia argitzeko. Pistak bilatzen ditue Ryme urian neonez argitutako kaleetan. Uria metropoli moderno erraldoia da eta gizakiak eta Pokemonak mundu hiperrealista batean alkarregaz bizi dira. Pokemon personaia ezbardinakaz egingo dabe topo eta alkar bizikidetza baketsua suntsitu eta Pokemon uniberso osoa mehatxatu leiken konplot bildurgarria argitara emongo dabe.


Honako zinema-aretoetan ikusi ahal izango da bihartik aurrera:

 Zugaza, Durango.

 Meatzari Aretoa, Muskiz.

 Usurbe Antzokia, Beasain.

 Getxo Zinemak, Getxo.

 Max Ocio, Barakaldo.

 Multicines, Bilbao.

 Golem Alhondiga, Bilbao.

 Golem Morea, Iruñea.

 Cines Antiguo Berri, Donostia.

 Cines Niessen, Errenteria.

 Cine Florida, Gasteiz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu