Gazteak eta teknologia bat eginda, Bilboko Zientzia Azokan
2019-05-08 12:58 Pil-pileanMaiatzaren 11n jarduera ugari egongo dira Plaza Barrian.
Bilboko udaletxean aurkeztu dabe 2019ko Zientzia Azokea Koldo Narbaiza Udaleko Udaleko Euskera eta Hezkuntza zinegotziak, Amaia Esquisabel Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Ikerketa zuzendariak, eta Leire Cancio Elhuyarreko zuzendari nagusiak. Igazko edizinoko irabazleak be, Solokoetxe ikastetxeko ikasleak, ekitaldian izan dira.
Aurtengo edizinoa Plaza Barrian egingo dabe, zapatuan, eguerdiko 12:00etatik arratsaldeko 20:00ak arte. Ikastetxeetako ikerlari gazteek erronka edo galdera bati erantzun behar izan deutsie lehiaketarako, eta Zientzia Azokan erakutsiko ditue euren urtenbideak. Ganera, ikertzaile profesionalek be euren gunea izango dabe, garatzen dabizan proiektuak erakutsi eta euren lana gizarteratzeko.
Gazteei zientziaren mundua era dibertigarrian eta didaktikoan erakusten deutse Zientzia Azokeak, eta euskeraz. Aurten, 31 ikastetxetako 308 neska-mutil ibili dira azoka honetarako proiektu teknologikoak sortzen. 90 lan aurkeztuko ditue danetara. Gehienbat Bizkaikoak dira parte-hartzaileak, baina Hego Euskal Herriko beste herrialdeetatik be etorriko dira.
Euskal gazteez gan, kanpoko beste bost talde etorriko dira, antolatzaileek konbidauta. Portugal, Katalunia eta Galiziako beste zientzia azoka batzuetan sariak irabazteagaitik egongo dira Bilbon.
Gazteen zein profesionalen proiektuak ikusteko erakusmahaiakaz batera, bestelako jarduera batzuk be egongo dira Plaza Barrian zapatuan: Tailerrak, ginkana zientifikoa... Sariak banatzeko ekitaldia 19:00etan hasiko da.
Zientzia Azokea ezagutu eta ideiak trukatzeko, SPOON proiektuko bazkideak izango dira bisitan Plaza Barrian. Proiektu hori Europako Erasmus+ programearen barruan dago eta Estrasburgoko, Kataluniako, Herbehereetako eta Kroaziako kideak egongo dira Bilbon, Elhuyarren koordinazinopean. Bestetik, Elhuyar STEMFAIRNET proiektuan be badabil, zientzia-azoken inguruko sarea sortu eta zientzia-azokak aberasgarriagoak bihurtzeko.
Zientzia Azokea Elhuyarrek antolatzen dau, Bilboko Udalaren eta Euskal Herriko Zientzia eta Teknologia Sarearen laguntzinoagaz. Ezagutzearen eta zientziaren alorretan dabizan erakunde ugarik be euren aletxua ipinten dabe.
2019/05/11 12:00
Bilboko Plaza BarrianErantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!