Zabalik dago Lekeitioko 42. Euskal Zine Bileran izena emoteko epea

Bizkaie! 2019-05-03 08:07   Zinemea

Irailaren 30era bitartean egongo da zabalik izena emoteko epea. Oinarriak hemen (.pdf 140 KB) dagoz eskuragarri.

Igaz 41 urte bete zituan Euskal Herrian eta euskeraz egiten dan zine bilerearen Lekeitioko jaialdiak. Barrikuntzaz betetako urte horreetan, euskal ikus-entzunezkoaren iragana, orainaldia eta etorkizunak bat egiten eben, jaialdiaren norabideari eutsiz, baina zutabeak barriztuta. Aurten, igazko proiektua sendotzeko bideak hartuko dira, euskal zinemako profesional eta zaleak batzeko gunea eregiz.

40 + 1. edizioan sortutako Branka, Ganbara eta Zerumuga atalak indarbarrituko dira, ikus-entzunezko lanen iragana, orainaldia eta etorkizuna lotuko dituen espazioak finkatuz. Era berean, 42. jaialdiak euskal ikus-entzunezkoaren arlo profesional eta ez-profesionalak landuko ditu, horretarako hainbat jarduera bultzatuz: sektoreagaz hartu-emonak lantzeko berbaldiak eta lantegiak, herriko ondarea osotzen daben irudiak berpizteko ekimenak, ikas komunidadeen barruan antolatutako animazino lantegietan edota omendutako figura eta ekimenei eskainitako atzera begirakoak eta honezkero historikoa dan ikus-entzunezko lanen lehiaketea.

Aurten, zemendiaren 23tik 30era bitartean egingo dan Euskal Zine Bilerea, urte osoan zehar atondutako ekimenez inguratuta dago, jaialdiaz gan euskerazko ikus-entzunezkoen markoa urtean zehar zabalduz.


Lehiaketea

Euskeraz egindako askotariko lanen erakusleihoa da, teknika, tratamendu, genero, sorkuntza prozesu eta gai desbardinak batzen ditualako. Igazko formatuari eutsiz, aurten be lehiaketa bateratua izango da, hau da, ez dira bereiziko lan profesional eta amateurrak; gauzak holan dirala, zuzendaritza, gidoi eta film onenaren sariak izango dira. Horrezaz gan, ikusleak be protagonista izango dira, lan bakotxari eurek emondako puntuaketen bidez erabagiko dabelako ikuslearen sari bereziaren irabazlea.


Sariak

- Zuzendaritza onena 1.600,00 € eta Zidarrezko Antzarra.

- Gidoi onena 1.600,00 € eta Zidarrezko Antzarra.

- Film onena 1.900,00 € eta Urrezko Antzarra.

- Ikusleen saria 750,00 € eta Zidarrezko Antzarra.


Lanak aurkezteko epea

Maiatzaren 2tik irailaren 30era bitartean egongo da zabalik eta oinarriak hemen (.pdf 140 KB) dagoz eskuragarri.

Aurkeztutako lanen artean 20 izango dira aukeratuak lehiaketan parte hartzeko eta egindako lana eskertzeko helburuagaz, azken horreen egileek 200 euroko saria jasoko dabe lehiaketarako hautatuak izateagaitik.

Azken buruan, 42. Euskal Zine Bilereak aurrerapausuak emoten jarraituko dau aurten be, euskal ikus-entzunezkoen erreferente bilakatuz, eta horretarako film sortzaile, artista eta zinemagile guztien partaidetzea oso garrantzitsua izango da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu