Jack Taylorrek zabalduko dau gaur 25. FANT
2019-05-02 11:28 ZinemeaOhorezko Saria emongo deutsie BBK Salan 20:00etan.
Bilboko Zinemaldi Fantastikoaren, FANTen, edizinorik berezienetako bat izango da aurtengoa, 25.era helduko da eta. Inaugurazino ekitaldia bihar, hilak 3, izango dan arren, gaur bertan hasiko dira ekitaldiak, BBK Salan. Jack Taylor aktore amerikar beteranoa omenduko dabe bertan, bildurrezko eta fantasiazko generoan klasiko bihurtu diran hainbat pelikulatan parte hartzeagaitik, batez be 1960, 70 eta 80ko hamarkadetan.
25. FANTeko Ohorezko Sarietako bat emongo deutsie Taylorri. Ondoren, Diego Lópezek zuzendutako Jack Taylor, testigo del fantástico dokumentala emongo dabe. Bertan, alkarrizketa luze baten bidez, Jack Taylorrek bere ibilbideko pasadizoak kontetan ditu. Hortaz, bildurrezko zinemearen lekukotza parebakoa da dokumentala. Proiekzinoaren ostean, barriketaldi baten hartuko dabe parte Diego Lópezek, Jack Taylorrek eta Javier G. Romerok.
Lehenengo egun hau biribiltzeko, Bilboko Kafe Antzokian kontzertua antolatu dabe gauean (21:30). Era horretara, zinemea eta musikea buztartuko ditue. Oholtzan Moonshine Wagon taldea egongo da.
Maiatzaren 11ra arte, beraz, zinemagintza fantastikoaren alderdi guztiak ezagutzeko aukerea emongo dau FANTek, genero horren zaleentzat zein ganerako publikoarentzat aproposa dan programazino oparoari esker. Inaugurazino ofiziala bihar, barikua, izango da, Campos Antzokian. Ártico filma proiektauko dabe ekitaldian, Joe Penna zuzendaria bertan dala.
Sail Ofizialean 18 film luzek hartuko dabe parte. Pelikula onenarena ez eze, gidoi edo zuzendari onenen sariak be emongo ditue. Aitagarria da David Martin Porrasen The Chain, mundu osoko premierea Bilbon izango da eta. Ganera, antolatzaileek The Hole in the Ground, One Cut of the Dead eta You Might Be the Killer nabarmendu ditue, beste jaialdi batzuetan kritika bikainak izan dituelako.
FANT urtetik urtera indartzeko asmoa dabe antolatzaileek, eta aurten ume eta familiei begirako sailetan jarri dabe ahalegina. FANT Familian izeneko zikloan, goizeko saio bi antolatuko ditue, maiatzaren 4an eta 5ean, Golem-Alhondigako auditorioan. Animazinozko film bi emongo ditue: Asterix, edabe magikoaren sekretua eta Dilili en París.
Jaialdiaren 25. edizinoa berezia izatea nahi dabe antolatzaileek, zifra horretara heltzea sendotasunaren seinale dalako. Zinemazaleek 160 ordu pelikula izango ditue aukeran, publiko guztiarentzat aproposa dan programazinoan.
Euskal zinemea
Film laburrek leku zabala izango dabe 25. FANTen, tartean euskal jatorriko hamar egongo dira. Euskal film laburrik onenaren 2.000 euroko sariari, Euskal Aktoreen Batasunak antzezle onenari emongo deutsana gehitu behar jako aurten. Maiatzaren 3an, inaugurazino ekitaldiaren ostean, hamar euskal film laburrak proiektauko ditue Campos Antzokian (23:00). Ordu bi inguruko saioa izango da.
Honeek dira aurtengo edizinoko euskal filmak:
- Basoan (Aitzol Saratxaga)
- La noche (Martín Romero)
- El fin de todas las cosas (Norma Vila)
- Soy una tumba (Khris Cembe)
- Amargo era el postre (Diego Kataryniuk)
- Por comparación (Toni Abad)
- Mirokutana (Ander Iriarte)
- ¿Quieres que hoy te bese? (Miriam Ortega-Iker Arce)
- Jesus is (b)lack (Nitya López)
- Espedizio handia (Iban del Campo)
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!