Etxepare Euskal Institutuak euskal zinemea eroango dau Eskoziara

Bizkaie! 2019-04-30 15:28   Zinemea

Filmeen hautaketea hiru belaunaldi ezbardinetako zinemagileen ikuspegia ardatz hartuta egin da.

Joan zan urtarrilean abiatu eban Etxepare Euskal Institutuak hainbat euskal erakundegaz lankidetzan sustatutako #ScotlandGoesBasque ekimena. Horren helburua da euskal kulturea Eskozian zabaltzea eta Eskoziako eta Euskal Herriko artisten artean, kultur eragileen artean eta ekitaldien artean zubiak eregi eta, aldi berean, kulturearen, arteen eta hizkuntzearen bidez lokarriak sortzea. Egitasmoaren lehenengo pausu haretan, musikea ardatz hartuta, hainbat euskal talde Glasgowko Celtic Connections munduko musiken jaialdian ibili ziran.

Orain, barriz, zinemearen txandea da Etxepare Euskal Institutuaren eskutik Eskozian euskal kultureari edegi jakona. Apirilaren 25ean hasi eta bagilaren amaierara arte, 80ko hamarkadatik gaurdaino euskal zinemearen garapena islatuko dauen atzera begirakoa egingo da, CinemaAttic plataformearen eta Edinburgoko Nazinoarteko Zinema Jaialdiaren programazinoen barruan. Proiekzino eta jarduerak Edinburgo eta Glasgowko maila goreneko zinema historikoetan eta arte guneetan izango badira be, datozen hileotan euskal zinemea Erresuma Batuko beste zenbait uritan be izango da ikusgai: Londres, Manchester eta Leeds urietan, hain zuzen be.

Filmen hautaketa egiteko genero anitz hartu dira kontuan, eskoziar ikusleei euskal zinemearen ikuspegi ahalik eta zabalena aurkezteko asmoz: fikzinoko film klasiko zein gaur egungoak, zinema dokumentala, film laburrak, animazino esperimentala... Era berean, aukeratutako lanon bidez euskal kulturea eta gizartea ezagutzera emon eta urteak joan ahala zinemeak horreek zelan jaso eta interpretau dituan erakutsi nahi da. Horretarako filmen proiekzinoak eta horreen inguruko jarduera osogarriak izango dira, esaterako, barriketaldiak zuzendariakaz, maisu-eskolak, tailerrak, gastronomia eta zinemea buztartuko dituen ekintzak eta bestelakoak.

Zinema eskaintzea Tasio (1984) filmagaz hasi eta Oreina (2018) filmagaz amaituko da: lehenengoak euskal herritarren garai bateko bizimodua eta horren bilakaerea jasoten ditu, eta bigarrena egungo gizartearen isla da. Proiekzino bi horreekaz, zuzendari barriek aurrekoek landutako gaiei zelan heltzen deutsien erakusteko helburuari erantzun nahi jako.

Azken lau hamarkadetan euskal zinemagintzan ibilitako hiru belaunaldietako zuzendarien film luzeak aurkeztuko dira. Lehenengo belaunaldiko zinemagileen lanaren adierazgarri izango dira Montxo Armendarizen Tasio eta Obaba eta Víctor Ericeren El espíritu de la colmena. Bigarren belaunaldiko zinemagileen lanaren erakusgarri, Julio Medemen Vacas, Álex de la Iglesiaren El día de la bestia eta Enrique Urbizuren No habrá paz para los malvados proiektauko dira; duda barik, urte horreetan egindako euskal pelikula esanguratsuenetakoak dira guztiak, euskal zinemearen historian mugarriak. Euskal zinemearen loraldi barritzat edo urrezko arotzat jo dan hirugarren belaunaldiaren eredugarri, barriz, ikusgai izango dira Telmo Esnalen Dantza, Jon Garaño eta Jose Mari Goenagaren Loreak, Ana Schulz eta Cristóbal Fernándezen Mudar la piel eta Koldo Almandozen Oreina.

Bestalde, sortu zanetik zinemagile ugariren harrobi eta belaunaldi barriko zinemagileen talentuaren adierazle dan Kimuak programako 2018ko uztako film laburrak ikusteko aukerea be izango da Eskozian: Maddi Barberen 592 metroz goiti, Josu Martinezen Ama, Mari Elorzaren Ancora Lucciole, Miguel Angel Jimenezen Kafenio Kastello, Sara Fantovaren No me despertéis, Pello Gutierrezen Zain eta Iban del Camporen Espedizino handia.

Animazinoko zinemeak be, batez be emakumeek egindakoak, lekua izango dau euskal zinemearen erakusleiho honetan: Great Basque Women Animators izenburuko jarduerearen barruan, Begoña Vicariok eta Izibene Oñederrak tailer bat emongo dabe eta euren ibilbidean esanguratsuak izandako hainbat film aurkeztuko ditue Glasgowen.


Literaturea, gastronomia eta jantzak euskal zineman

Euskal kulturea eta tradizinoa eskoziarrei hurreratzeko ahaleginean, eta zinemeak horreekaz dauen loturea erabilita, gastronomia eta jantza tradizionalak ezagutzeko aukerea be izango da; batetik, Glasgowko Arte Garaikideko Zentroan Bihar dok 13 dokumentalaren proiekzinoa eta afaria antolatu dira, eta uri horretan bertan egingo da Leith Pintxos and Films ekimena be. Bestetik, zikloaren Edinburgoko edegieran Dantza filmagaz batera euskal jantzen emonaldia ikusteko aukerea be egongo da. Euskal zineman euskal arteak dauen presentziaren beste erakusle bat, Obaba filmaren proiekzinoa izango da, Bernardo Atxaga idazlearen Obabakoak obrea oinarri dauena.

Gonbidatuak Begoña Vicario eta Izibene Oñederraz gan, atzera begirakoan gonbidatu legez parte hartuko dau Ana Schulzek be; hirurek maisu-eskolak emongo ditue Edinburgoko College of Art-en. Maddi Barber be Erresuma Batuan izango da; Leedseko Hyde Park Picture House-en eta Manchester-eko Cervantes Institutuan aurkeztuko dau 592 metroz goiti film laburra.

CinemaAttic plataformea eta Edinburgh International Film Festival, Eskoziako zinema erakunde nagusienetakoak, euskal zinemearen topagune izango dira. CinemaAttic Eskozian eta Erresuma Batuan Iberiar Peninsulako eta Latinoamerikako zinemea ezagutarazotea helburu dauen plataformea da; 2008. urtean, zinema independentea zabaltzeko asmoz sortua, urte osoan zehar hainbat ekitaldi eta jaialdi antolatzen ditue plataformako kideek Edinburgo eta Glasgowko kulturgune eta aretoetan. Euskal zinemeari jagokonez, igaz Kimuak programako hainbat film labur eta Asier Altunaren Amama emon zituen.

Edinburgh International Film Festival (EIFF), barriz, 1947an sortu zan eta nazinoarteko zinema jaialdi zaharrena da gaur egun. Filmak ikusteak, egiteak eta ulertzeak bizitza eraldatzeko mesedegarriak dirala sinistuta, antolatzaileek zinemearen inguruko idea barriak aztertu eta programazino anitzak osotzen ditue, bertako eta nazinoarteko ikusleentzat. Arreta berezia jarten dabe talentu barrietan. Aurten, proiekzinoez gan, bertako zein euskal zinema industriako profesionalen arteko topaketea egingo da jaialdian.


Scotland Goes Basque

Bagilera arteko programearen ondoren be, Scotland Goes Basque ekimenak euskal artistek eta sortzaileek euren lana Eskozian zabaltzen jarraitu deien ahalbidetuko dau. Abuztua arte eszenikoen eta literaturearen hilebetea izango da, Fringe jaialdian hainbat euskal konpainiak hartuko dabe parte, eta Edinburgh International Book Festival jaialdiaren aurtengo edizinoan euskal literaturea izango da gonbidatu berezia.

Udako eskoziar jaialdi ezagunak amaitu ostean, udagoienean jarduera akademikoen garaia izango da: urrian Mugarik bako ala mugatutako esparrua? Hizkuntza gitxituetako hedabideak eremu digitalean mintegia egingo da Edinburgoko Unibersidadean, Unibersidadeak berak eta Etxepare Euskal Institutuak antolatua.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu