Durango abentura kirolen uriburu bihurtuko da Kirolene Film Fest-en eskutik
2019-04-30 10:48 ZinemeaA land shaped by women dokumental sarituagaz emongo jako hasierea jaialdiari.
Durangoko herriak Kirolene Film Fest, esparru naturalean egiten diran kirolen film laburren II. lehiaketea biziko dau maiatzaren 1, 2 eta 3an.
Festibala eguaztenean, maiatzaren 1ean, hasiko da nazinoarte mailan 13 sari jaso dituan filmaren emonaldiagaz: A land shaped by women. Anne Flore-Marxer snowboardeko munduko txapeldun ohia Durangon izango da ikusleen galdereei erantzuteko. Filmak emakumezkoen ikuspuntua eskaintzen dau gizonezkoak nagusi izan diran surf eta snowboard kirolen praktikan. Feminismoa eta kirola buztartzen dituan film honetan, protagonistea Islandiaraino doa, genero bardintasunean eredugarria izan dan gizartea eta paisaje parebakoak dituan herrialdera.
Eguenean, maiatzaren 2an, Durangaldean egindako dokumental bi eskainiko dira, honeek be lehiaketatik kanpo: Pastoreak dokumentalean, egungo gizarte globalizatuan artzain izatea erabagi daben andre-gizonek transmisino eta balio istorioa dakarskuez.
Eta Tor lanean, munduko ultratrail lasterketa gogorrenetarikoan, Silvia Trigueros korrikalari bizkaitarrak bere gaitasun fisikoa eta psikikoa muturreraino eroan dauen bizi esperientzia azalduko dau.
Barikuan, maiatzaren 3an, Kirolene Film Fest irabazi daben film laburren egileei sariak banatzeko ekitaldia egingo da. Aurten, 29 film labur aurkeztu dira lehiaketara, igaz baino 3 gahiago, eta horrrek esan nahi dau Kirolene Film Fest sendotu eta erreferente bihurtzen dagoala esparru naturalean kirola egiteaz eta esperientzia hori konpartiduteaz gozetan daben kirolari guztien topagune legez.
Ondokoak dira sarituko diran sailak: eskia, snowboarda, mendia, ur-kirolak eta naturan eginiko beste kirol batzuk (parapentea, mendiko bizikletea, skatea...).
Kirolene, kirol irakaskuntzarako Eusko Jaurlaritzako ikastetxe ofizialaren filosofia da kirol praktika balioetan oinarritzea. Horregaitik, aitamen berezia jasoko dabe ezgaitasuna daben kirolarien inklusinoari buruzko film laburrik onenek, euskeraz egindako onenek eta, aurten lehenengoz, emakumezkoek egindako film laburrik onenek. Orain arte gizonezkoen esparru izan diran abentura-kirolean emakumezkoen parte hartzea bultzatu nahi dau Kirolene Film Fest-ek sari honegaz. Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak emongo dau saria.
Festibalaren hiru saioak San Agustin Kultur Gunean, Durangon, izango dira arratsaldeko 19:30ean. Sarrerak bertan erosi ahal izango dira, edo aurretik, Kutxabankeko orotarako kutxazainetan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!