Malin Moström suediarra omendu dau Athleticek
2019-04-29 08:02 KirolaKirol ibilbide guztia Umeå IK taldean egin ebala nabarmendu dau Bilboko klubak.
One Club Man Award dalakoa sortu eban Athletic Clubek orain dala urte batzuk, ibilbide guztia talde berean egin daben futbolarien fideltasuna eta konpromisoa saritzeko. Orain arte, gizonak baino ez ditue saritu, baina aurten One Club Woman Award emoten hasi dira, emakumeentzat.
Gizonetan Billy McNeil eskoziarra izan da irabazlea aurten, eta emakumeetan Malin Moström suediarra aukeratu dau Athleticek. Bilbon izan da Moström egunotan. Athleticen nesken taldearen entrenamendu baten egon zan, eta jokalariek gorazarre egin eutsien.
Zapatu eguerdian, San Mamesen, Eli Ibarra jokalari ohiak One Club Woman Award oroigarria emon eutsan Moströmi, gizonen Athletic-Alaves derbiaren atsedenaldian, 40.000 lagunen aurrean. Azkenik, zapatu arratsaldean, emakumeen Athletic-Malaga norgehiagokan egon zan, eta Eli Ibarrak barriro emon eutsan oroigarria, Lezaman batutako ikusleen aurrean.
Malin Moströmek bere beti-betiko talde Umeå IK-ri agertutako fideltasuna nabarmendu dau Athleticek, beste talde batzuetara joateko aukereari uko egin eutsalako. Ganera, erretirau eta gero, taldeak min hartutako jokalari ugari euki zituan momentu baten, Moströmek ez eban zalantzarik izan barriro zelaira bueltetako partidu batzuetarako.
1995etik 2006ra bitartean jokatu eban goi mailako futbolean, eta bere sasoiko jokalari suediarrik onenetako bat izan zan. Sei liga eta lau kopa irabazi zituan Umeågaz, baita Europako Txapeldunen Liga bi be (2003 eta 2004). Suediako selekzinoagaz Munduko Txapelketan bigarren izan zan.
Umeåren kapitain izan zan 2002tik 2006ra, eta, erretirau zanean, jokalariak betidanik eroandako 6 zenbakia kendu eban klubak zerrendatik, Moström omentzeko.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!