Ohorezko FANT Saria emongo deutsie Javier G. Romerori

Bizkaie! 2019-04-24 10:24   Zinemea

Jaialdiaren lehenengo bultzatzaileetako bat izan zan.

Javier G. Romero | Ikusi handiago | Argazki originala

Sari berezi ugari emoten dabil Bilboko FANT jaialdia aurten, 25. edizinoa izango dala aprobetxauta. Javier G. Romero maiatzaren 3an omenduko dabe, Campos Antzokian egingo dan inaugurazino ekitaldian (20:00). Bilboko Zinema Fantastikoaren Astearen lehenengo bost edizinoetako bultzatzailea izan zan orain dala mende lauren. Ekimen hori FANT izenagaz ezagutzen dogu gaur egun.

Horrezaz gan, 1980ko hamarkadan, zinemearen inguruko En el calor de la noche irratsaioaren gidaria zan, eta zinemagintzeagaz lotutako aldizkari eta liburu ugari be argitaratu ditu. Zinema Fantastikoaren Astea antolatzea, bildurrezko eta fantasiazko generoko lanik esanguratsuenak Bilbora ekarteko modua izan zan Romerorentzat. Besteak beste, Paul Naschy, Jesús Franco eta Narciso Ibáñez Serrador zinemagileak konbidau zituan jaialdira.

Javier G. Romerok egindako aitzindari lana eskertzeko modua da, hortaz, Ohorezko FANT Saria, hari esker hasi ebalako jaialdiak 25 edizino bete dituan bidea. Horrezaz gan, zinemagintzea komunikabideen zein argitalpenen bidez zabaltzeko egin eban ahalegina be nabarmenduko dabe FANTen oraingo antolatzaileek sariaren bidez. 

Panorama Fantastikoa, doban

Bestetik, 25. FANTeko Panorama Fantastikoa ataleko filmak doban ikusi ahal izango dira Golem-Alhondigako 2. aretoko proiekzinoetan. Fantasiazko generoa publiko barriei hurreratzeko asmoz, oraintsu estreinautako lanak eta genero horretako klasikoak emongo ditue, Sail Ofizialaren osogarri dan sailean.

Panorama Fantastikoa saila bera be lehiaketea da, 2.250 euroko saria dago bertan aurkeztutako film onenarentzat. Sei film lehiatuko dira: Escombros (Álvaro Pita); Lucero (Norberto Ramos); El Cerro de los Dioses (Daniel M. Caneiro); After the Lethargy (Marc Carreté); Casa de sudor y lágrimas (Sonia Escolano); eta H0us3 (Manolo Munguia).

Film laburrek be lekua izango dabe, Panorama Laburrean sailaren barruan. Tartean dagoz zinema-aretoetara heldu arren Bilbon orain arte ikusi ezin izan diran pelikulak. Danetara, hamar film labur aukeratu ditue sail honetarako.

Ganera, 2. aretoak dobako proiekzino gehiago be hartuko ditu 25. FANT martxan dagoan bitartean. Dokufant sailean, aitagarria da Andre Gowerren Wolfman´s Got Nards, aurtengo FANTen Fantastikoaren Izarra jasoko dauen Fred Dekker zuzendariaren The Monster Squad filmaren arrakastea aztertzen dauen dokumentala dalako. Dekkerri ez eze, 1987ko film haretan parte hartu eben beste teknikari batzukaz be alkarrizketak egin ditu Gowerrek.

'H0us3' filma Panorama Fantastikoa atalean ikusi ahal izango da

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu