Amerikan birea egiten dabil 'Dantza' filma

Bizkaie! 2019-04-24 09:21   Zinemea

Telmo Esnal zuzendaria eta Gari Otamendi jantzaria parte hartzen dabiz aurkezpenetan.

Donostiako Zinemaldian estreinau eta gero, Dantza euskal filmak nazinoarteko bireari ekin deutso, atzerriko publikoei lan hori erakusteko asmoz. Nanteseko jaialdian izan zan nazinoarteko estreinaldia, eta egunotan Ameriketara salto egin dau, Txintxua Films produkzino etxearen eta Etxepare Euskal Institutuaren arteko lankidetzeari esker. Argentinan eta Estadu Batuetan pilo bat proiekzino ditue hitzartuta, maiatzaren erdira arte.

Apirilaren 21ean hasi zan Argentinako birea, Misiones probintzian. Gaur, hilak 24, Buenos Aires probintziako La Plata urian izango da proiekzinoa.

Estadu Batuetako birea luzeagoa izango da, hango euskal etxeen koordinazinoari esker. Herrialdearen ipar-mendebaldean ibiliko dira lehenengo: Apirilaren 28an, Seattlen (Washington) eta maiatzaren 1ean Ontarion (Oregon). Idaho estaduko Boise uriburura joango dira 2an, hau da, diasporako euskaldun gehien batzen dituan lekuetako batera.

Kaliforniara helduko da gero Dantza, maiatzaren 3an San Franciscora, 5ean Chinora eta 6an, Los Angelesera. Hilaren 9an Nevadako Reno uriaren txandea izango da, ekitaldeko kostaldera jo aurretik: 11n New Yorken egon eta gero, Washington uriburuan izango da proiekzinoa 17an.

Telmo Esnal zuzendaria eta Gari Otamendi jantzari eta filmeko protagonistea Ameriketan dagoz, proiekzinoakaz batera antolatutako barriketaldietan parte hartzen. Hurrengo hileetan nazinoarteko bireak geldialdi gehiago izango dituala aurreratu dau Etxeparek.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu