Nazinoarteko Sokatira Kongresua egingo dabe asteon Getxon

Bizkaie! 2019-04-23 12:55   Kirola

Munduko 22 herrialdetako parte-hartzaileak batuko dira 2020ko irailean.

Munduko lurreko Sokatira Txapelketa Getxon ospatuko da 2020ko irailean eta bidebatez Nazinoarteko Sokatira Federakundeak Kongresua egingo dau Getxon aste honetan eta mundu txapelketako antolakuntzan lan egingo dau, besteak beste, espazio eta baliabideak bisitau eta bertoko azpiegiturak ikuskatuz.

Apirilaren 24a eta 28a artean Getxo 2020ko Batzorde Antolatzaileak Nazinoarteko Sokatira Federakundeko (TWIF) batzordea eta munduko txapelketan parte hartuko daben 22 herrialdetako ordezkariak hartuko ditu.

Gitxi falta da, urtebete eskas etxon egingoo dan lurreko modalidadearen Munduko Sokatira Txapelketearen hurrengo edizinorako. Mundu txapelketa honetako batzorde antolatzaileak hileak daroaz antolakuntza lanetan eta aste honetan TWIF, Nazinoarteko Sokatira Federakundeko, Urteko Kongresuaren anfitrioia izango da.

TWIF federakundeko batzorde ejekutiboaren (ExCo) batzordea apirilaren 25ean egingo da; eta barikua eta zapatua bitartean Urteko Kongresua, 60 lagun batuko dituana, 4 kontinentetatik etorritako 22 herrialdetako ordezkariak.

Hainbat herrialdetako parte-hartzaileak izango dira kongresuan: Alemania, Belgika, Eskozia, Gales, Holanda, Ingalaterra, Irlanda, Letonia, Suitza, Suedia, Hegoafrika, Nigeria, Haiti, AEB, Txina, Israel, Japonia, Malasia, Singapur eta Taiwan.

Lau egunetan zehar TWIFeko berezko kudeaketeagaz lotutako gaiak landuko ditue eta Fadurako instalazinoetako bisita teknikoa egingo dabe, izan be, Fadura izango da munduko txapelketako egoitzea. Bide batez, Getxo eta Bilboko ostatu eskaintzak bisitau eta aztertu eta aukera turistikoak eta baliabideak ikuskatuko ditue. Mundu mailako txapelketa honen antolakuntzan pausu inportantea izango da hau.


TWIF, Nazinoarteko Sokatira Federakundea

TWIF, Tug of War International Federation ospetsuan 5 kontinentetako 72 nazino federakundek osotzen dabe eta horreen artean, Euskal Herrikoa, Basque Country.

1960an sortu zan eta Getxo 2020ak erakunde honen 60. urteurrenagaz bat egingo dau. TWIFaren gidaritzan batzorde ejekutibo bat dabil, egun Hegoafrika, AEB, Irlanda, Ingalaterra eta Herbehereakeko kideek osotuta.

2014an, Euskadi talde nazionaltza onartua izan zan eta ordutik Basque Country izendapenagaz parte hartzen dau.


Getxoko 2020ko Mundu Txapelketea

2020ko irailean, Munduko Sokatira Txapelketa Getxon izango da, Fadurako Kiroldegian. Urte birik behin egiten da lehiaketa hau eta aurreko edizinoetan Lurmutur Uria, Hegoafrikan egin zan 2018an; Malmon, Suedian, 2016an; eta AEBetan 2014an, Madisonen, besteak beste.

Getxoko hautagaitzea Suitza eta Holandako proposamenen aurretik geratu zan, 19 bototatik 15 jasota.

Munduko Sokatira Txapelketan, Tug of War izena hartzen dauena nazinoartekoan, TWIF federakundera batzen diran nazinoarteko alkarteek eta taldeek parte hartzen dabe.

TWIFek ezarritako arauen artean, parte-hartzaileak amateurrak izan behar dirala adierazoten da. Txapelketea kategoria ezbardinetan egiten da, modalidade eta pisuen arabera egituratua.

Mundu Txapelketearen jarduerea zati bitan banatzen da: alde batetik, 72 herrialdek osotzen daben TWIFen taldeen arteko lehiaketea; eta, bestetik, talde nazionalen arteko txapelketea.

Getxo 2020ko antolakuntzan parte hartzen dabe: Euskadiko Herri Kirol Federakundeak, Bizkaiko Euskal Joko eta Kirol Federakundeak eta Getxo Herri Kirol Taldeak. Eta Getxoko Udala, Bizkaiko Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritzea izango dira erakunde babesleak.

2020ko irailaren 16a eta 20a artean sokatirako mundu txapelketa honetan 1400 lagun inguru batuko dirala espero da.

Getxok badauka eskarmentua holako ekimenak jasoten: 1991n, Faduran lehen mundu gomazko modalidadeko sokatira txapelketea egin zan.

Antolakuntza aldetik erronka itzela da mundu txapelketa honen ardurea eta maila estrategikoan be aparteko garrantzia izango dau, sokatirea gure ingurunean nabarmentzeko.


Basque Country selekzinoa

2014an, TWIFak euskal talde nazionala eskubide osoko kide legez onartu eban Federakundean eta, ordutik, Basque Country izenagaz nazinoarteko txapelketetan parte hartu leike. Urte horretako abuztuan AEBetako Wisconsineko Munduko Sokatira Txapelketan lehiatu zan.

2018ko munduko txapelketan, Hegoafrikako Lurmutur Urian, Basque Country taldeak zazpi domina irabazi zituan: gizonezkoetan zidarrezko dominea 560 kiloko kategorian; 500 kiloko emakumezkoetan brontzea; eta munduko txapelketako probarik pisutsuenean eta lehiakorrenean, gizonezko 720 kiloko modalidadean, zidarra.

Eta beste lau domina taldeen arteko txapelketan, Goiherri eta Gaztedi taldeek bina eskuratu zituen: Goiherrik, 560 kiloko modalidadean zidarra eta gizonezkoen 640 kilotan brontzea lortu zituen. Eta Gaztedik emakumezkoen 560 kiloko proban zidarrezko dominea eta 560 kilokoan brontzea irabazi zituan, Goiherriren kontrako lehian.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu