Deustuarrak nagusi Injineruak-Deustu 39. Estropadan
2019-04-16 08:20 KirolaGaur arte, Deustuk 25 bider irabazi dau; Injineruek, ostera, 14 eskuratu ditue.
Bosgarren urtea da deustuarrak irabazten dabela; aurten, Iker Agirresarobek gidatuta, 23 minutu eta 30 segundu izan da irabazleen denporea, Injineruen zortzikoteak, barriz, 8 segundu gehiego behar izan zituan.
Injineruen ontzia, Azael Rodríguezen ontzia, zan faborito nagusia eta tarte luzean aurretik joan arren, azkenean Deustuko ontzia sartu zan lehenengo Bilboko udaletxearen aurrean ezarritako helmugan.
Lau itsas miliak (7.408 metro) 23 minutu eta 30 segunduan egin zituen deustuarrek, 2016. urtean ontzi horrek ezarritako errekorretik urrun (22´14´´).
Aurten, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoaren kolaborazinoa dauen estropadearen historian atzera eginda, 1981ean sortu zan, Bilboko Injinerutza Eskoleak Deustuko Unibersidadeari egindako erronka baten ondorioz. Ordutik, Bilboko itsasadarraren urek unibersidadeen arteko estropada-lehiaketa hau hartu izan dabe, erabat amateurra dana. Gaur arte, Deustuk 25 bider irabazi dau; Injineruek, ostera, 14 eskuratu ditue.
Jesarleku mobikorreko ontzian lehiatu dira, lemazaindun zortziko outrigger modalidadean. Ibilbidea Erandioko Altzagatik Bilboko udaletxearen parera izan da.
Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak itsasadarraren bazterretara etorri daitezan animau izan ditu herritarrak, uribilduan tradizino handiko kirol-proba honetaz eta ibilguaren ingurumen-berreskurapenaz gozetan etorri daitezan. Berreskurapen hori 1979an hasi zan, Ur Partzuergoak Bilboko metropoli eremuko Saneamendu Plan Integrala martxan jarri ebanean. Plan horrek 1.200 miloe eurotik gorako inbersinoa ekarri eban eta EAEn egindako ingurumen-proiekturik garrantzitsuena izan da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!