Mendi lasterketetako Euskal Selekzinoko bost kirolarik parte hartuko dabe Japonian

Bizkaie! 2019-04-16 08:23   Kirola

Eusko Jaurlaritzearen laguntzinoari esker joango dira.



Mendi lasterketetako Euskal Selekzinoa Japoniara joango da asteon Mt. Awa Skyrace txapelketan parte hartzeko asmoz. Eusko Jaurlaritzearen laguntzinoari esker, Oihana Azkorbebeitiak, Ander Iñarrak, Julen Martinez de Estibarizek, Maria Zorrozak, eta Mayi Mujikak parte hartuko dabe punta-puntako proba horretan. Japoniako probea kontuan hartuta, Euskal Selekzinoa Munduko Kopako hamaika probatan izango da aurten gure mugetatik kanpo.

Eusko Jaurlaritzeak, Euskal Mendizale Federazinoak eta Euskal Selekzinoak alkarlan horren nondik norakoak azaldu ditue Donostia; han izan dira, Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisiko eta Kirol zuzendaria, Jon Redondo; Euskal Mendizale Federazinoko presidentea Joserra Alonso; Federazinoko zuzendari teknikoa, Irati Anda; Euskal Selekzinoko hautatzaileetako bat, Iñaki Uribe-Etxebarria; eta Euskal Selekzinoko kide dan Oihana Azkorbebeitia. Azpimarratu dabenez, bidaia, Eusko Jaurlaritzearen eta Euskal Mendizale Federazinoaren arteko lankidetzeari esker izango da posible eta baliogarria izango da Euskal Selekzinoaren ibilbidea sendotzen jarraitzeko.

Jon Redondok goratu nahi izan dau Euskal Selekzinoa egiten dagoan bidea: Eusko Jaurlaritzeak lan egiten dau nazioarteko onarpen ofiziala daben federazinoak eta selekzinoak gero eta gehiago izan daitezan. Euskal Mendizale Federazinoa onartuta dago Nazinoarteko Mendizale Federazinoan; ahotsa dauka, baina ez botoa. Horri balioa emon eta pausuak emon behar ditugu botoa be izan daian. Horrezaz gan, gero eta entzute handiagoko mendi lasterketetan badogu gure Euskal Selekzinoa, orain dala hemeretzi urte jaio zan eta ibilbide bikaina egiten dabil. Eusko Jaurlaritzeak lan egin behar dau proiektu hori sustatzeko eta indartzeko.

Prentsaurrekoan azaldu dabenez, Eusko Jaurlaritzearen eta Euskal Mendizale Federazinoaren arteko akordioari esker, Munduko Kopako proba ezbardinetan parte hartzeko aukerea izango dabe Euskal Selekzinoko kideek.

Hitza hartzen hurrengoa, Joserra Alonso Euskal Mendi Federazinoko presidentea izan da: Euskal Mendizale Federazinoarentzat Eusko Jaurlaritzearen babes honek garrantzia handia dauka, izan be, hainbat urteotako lan arlo bat autortzen dau, euskal kirolarentzat hainbat arrakasta ekarri dituana, horreetako asko nazinoartean. Ganera, momentu gatx batean etorri da, desadostasunak ugaritu baitira Espainiako CSDagaz. Erakunde honek kirolaren legeak urratu eta tirabirak sortu ditu atletismo eta mendi federazinoen artean. Gogoratu behar da mendi lasterkertak Federazinoa bera jaio zanean sortu zirala eta modalidade honek badauela nazinoarteko autortzea kluben eta alkarte antolatzaileen lanaren kalidadeari esker. Euskal Selekzinoa talde legez parte hartzeko onartu izan zan eta nazinoarteko egutegi ezbardinetan izateko eskubidea onartu jakon.

Euskal Mendizale Federazinoaren izenean, Irati Anda zuzendari teknikoak be hartu dau berbea. Urte bi daroaz Andak zuzendari tekniko lanetan federazinoan: Mendiko lasterketen indarra uka ezinezkoa da, eta diziplina ezagunena lineako modalidadea da. Bertan korrikalari bikainak ditugu eta bide horri jarraituz Euskal Mendizale Federazinotik ganerako modalidadeak indartzeko konpromisoa dogu, hau da, bai ultra modalidadea, zein kilometro bertikaleko selekzinoak indartzea. Babesleei esker, gero eta korrikalari gehiago ditugu.

Iñaki Uribe-Etxebarria hautatzailea, ez da Japonen izango, baina bere balorazinoa be egin dau mendi lasterketetako Euskal Selekzinoaren inguruan: Euskal Selekzinoak, azken urteetan legez, mendi lasterketetako Munduko Kopan parte hartuko dau, munduan barrena hainbat lasterketatan lehiatuz. Aurreko urte batzuetan, taldeak punta-puntako emoitzak lortu izan ditu, hainbat korrikalarik podiuma zapaltzeraino, eta amaierako sailkapenean be goiko postuetan sailkaturik. Aurtengo gure erronka nagusia be hau izango da, sailkapen orokorrean ahal dan eta posturik onena lortzea. Munduko Kopan Euskal Selekzinoaren izenean ibiliko diranen zerrendea be aitatu dau Uribe-Etxebarriak: Oihana Azkorbebeitia, Ander Iñarra, Hassan Ait Chaou, Mayi Mujika, Maria Zorroza, Julen Martinez de Estibariz, Iban Letamendi, eta Nahia Quincoces. Guztiak be aldez aurretik Munduko Kopan ibilitakoak dira eta aurten be seguru emoitza bikainak jasoko ditugula.

Era berean, Euskal Selekzinoko korrikalaria dan Oihana Azkorbebeitiak adierazo dau: Aurten be Euskal Herriko Mendi Lasterkarien selekzinoagaz munduko kopea egiteko asmoa dot. Kopako lehen probea Japonian izango da aurten eta zorionez bertara joateko aukerea dogu. Niretzako beste kontinente batean korrika egitea erronka barria da eta holan bizitea espero dot. Ordu aldaketea, klima aldaketea... Faktore barri asko izango ditugu lasterketan eta seguru eragina izango dabela gure errendimenduan. Betiko lez ahal dogun lasterketa txukunena egiten saiatuko gara eta batez be ahal dan neurrian gozetan. Japonian hasiko dogu abenturea eta dana ondo bidean urrian amaituko dogu final handian. Bidean Frantzian, Italian eta Europako beste herrialde batzuetan jokatuko diran kopako hainbat lasterketa egingo ditugu.


Japoniako probea

Mt. Awa Skyrace lasterketea munduko mendi lasterketa garrantzitsuenetako bat da. Urtero, mundu osotik joandako hainbat lasterkarik parte hartzen dabe. Ibilbidea, 31 kilometroko luzerea eta 2000 metroko desnibel positibokoa da.


Munduko Kopako mendi lasterketen egutegia

Apirilak 21: Mt Awa. Japonia.
Maiatzak 11: Transvulcania. Kanariar Ugarteak.
Maiatzak 19: Skyrace des Matheysins. Frantzia.
Bagilak 15. Livigno skymarathon. Italia.
Bagilak 29. Olympus marathon. Grezia.
Garagarrilak 14: Buff Epir Trail. Katalunia.
Garagarrilak 28. Skyrace Comapedrosa. Andorra.
Abuztuak 23. Matterhorn Ultraks. Suitza.
Irailak 15. Zacup Skyrace. Italia.
Urriak 5. Sky pirineu. Katalunia.
Urriak 19. Finala. Italia.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa