'Ártico' filmak zabalduko dau 25. FANT

Dabi Piedra 2019-04-11 12:57   Zinemea

FANT Familian atal barria estreinauko dau jaialdiak.

Eugenio Puerto, Nekane Alonso eta Justo Ezenarro, 25. FANTen aurkezpenean | Ikusi handiago | Argazki originala

Bilboko Zinema,di Fantastikoaren, FANTen, 25. edizinoa aurkeztu dabe, maiatzaren 2tik 11ra ikusgai egongo diran film guztien barri emon eta publikoari aretoetara joateko deia egiteko. Udaletxean egindako agerraldian, Nekane Alonso Bilboko Udaleko zinegotzia eta FANTen arduradun biak, Justo Ezenarro zuzendaria eta Eugenio Puerto programatzailea, egon dira.

Sail Ofizialean 18 film luzek hartuko dabe parte, jokoan egongo diran sariak eskuratu nahian. Pelikula onenarena ez eze, gidoi edo zuzendari onenen sariak be emoten ditue. Aitagarria da David Martin Porrasen The Chain, mundu osoko premierea Bilbon izango da eta. Ganera, antolatzaileek The Hole in the Ground, One Cut of the Dead eta You Might Be the Killer nabarmendu ditue, beste jaialdi batzuetan kritika bikainak izan ditue eta.

FANT 25 zabalduko dauen filma Ártico izango da, Joe Penna brasildarrak zuzendutakoa. Bilbon izango da zuzendaria, pelikulearen nondik norakoak ikus-entzuleei azaltzen. Proiekzinoa inaugurazino-ekitaldiaren barruan izango da, Campos Antzokian.

Film laburren aldeko apustua be nabarmena da FANTen historian. Nekane Alonso zinegotziak adierazo dauenez, film laburrak dira zinemagileen harrobia lantzeko tresnarik aproposena. FANTen apustuaren erakusgarri da Sail Ofizialeko film laburrik onenari emongo deutsien 3.000 euroko saria. Publikoaren Saria lortzen dauenak beste horrenbeste diru eroango dau, eta Panorama Fantastikoa saileko irabazleak, 1.500 euro.

Euskal pelikulentzat be gordeko dabe lekua film laburren atalean. Maiatzaren 3ko proiekzinoan, Campos Antzokian, hamar pelikula ikusi ahal izango dira. Euskal film laburrik onenaren 2.000 euroko sariaz gan, Euskal Aktoreen Batasunak antzezle onenari emongo deutsana gehitu behar da aurten. Honeek dira horreek hamar filmak:

- Basoan (Aitzol Saratxaga)

- La noche (Martín Romero)

- El fin de todas las cosas (Norma Vila)

- Soy una tumba (Khris Cembe)

- Amargo era el postre (Diego Kataryniuk)

- Por comparación (Toni Abad)

- Mirokutana (Ander Iriarte)

- ¿Quieres que hoy te bese? (Miriam Ortega-Iker Arce)

- Jesus is (b)lack (Nitya López)

- Espedizio handia (Iban del Campo)

Amaiera ekitaldia Guggenheim Museoan egingo dabe, DJ Bayonaren emonaldi eta guzti. Bere anaia J.A. Bayona zinemagileak lagunduko deutso, Ohorezko FANT Saria jasoten etorriko dala aprobetxauta.

Jaialdiko bonoak apirilaren 16an ipiniko ditue salgai, 35 euroan. Egitaraua, hemen.

Familientzako egitaraua

FANT urtetik urtera indartzeko asmoa dabe antolatzaileek, eta aurten ume eta familiei begirako sailetan jarri dabe ahalegina. FANT Familian izeneko zikloan, goizeko saio bi antolatuko ditue, maiatzaren 4an eta 5ean, Golem-Alhondigako auditorioan. Animazinozko film bi emongo ditue: Asterix, edabe magikoaren sekretua eta Dilili en París.

Jaialdiaren 25. edizinoa berezia izatea nahi dabe antolatzaileek, zifra horretara heltzea sendotasunaren seinale dalako. Zinemazaleek 160 ordu pelikula izango ditue aukeran, publiko guztiarentzat aproposa dan programazinoan. Izan be, Nekane Alonsoren ustez, bildurrezko eta fantasiazko zinemearen zale amorratuenek ez eze, zinemea maite daben guztiei zuzendutako jaialdia da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu