Fantrobia Saria emongo deutsie Guillermo Oliveira galiziarrari
2019-04-08 11:10 ZinemeaOhorezko FANT Saria, ostera, Jack Taylor aktorearentzat izango da.
Desenterrando Sad Hill dokumentalak Sitgesko Noves Visions Saria irabazi eban, eta Goya Sarietarako hautagai be izan zan. Guillermo Oliveira zuzendariaren lehenengo film luzea da hori, 2018an aurkeztua, baina aurretik beste formatu batzuetan be ibilitakoa da. Hori guztia aintzat hartuta, Bilboko Fantasiazko eta Bildurrezko Nazinoarteko Zinemaldiak, FANTek, Fantrobia Saria emongo deutso.
Maiatzaren 9an, Bilboko Golem-Alhondiga zinema-aretoan emongo dabe Desenterrando Sad Hill dokumentala, FANTen programazinoaren barruan. Maiatzaren 10ean, ostera, Fantrobia Saria emongo deutsie Guillermo Oliveirari, Guggenheim Museoan egingo dan amaiera ekitaldian.
Guillermo Oliveira Vigon jaio zan, 1986an. Ikus-entzunezko Komunikazinoan lizentziaduna, Estadu Batuetan eta Kuban be ibilita dago zinemagintzea ikasten. Bideo-jokoak irudietara egokituta sortu zituan lehenengo film laburrak, eta Youtuben arrakasta itzela lortu eban. Desenterrando Sad Hill dau lehenengo lan luzea.
Ohorezko FANT
Bestetik, FANTek Ohorezko Saria emongo deutso Jack Taylor aktore amerikarrari. 1936an jaio zan, eta Estadu Batuetan lan egin eta gero, Mexikon eta Espainian ibili zan. Bildurrezko pelikuletako arpegi ezaguna izan zan 1960, 70 eta 80ko hamarkadetan.
FANT 25eko programazioaren barruan Diego Lópezen Jack Taylor, testigo del fantástico dokumentala emongo dabe maiatzaren 2an, BBK Salan. Alkarrizketa luze baten, Jack Taylorrek bere ibilbideko pasadizoak kontetan ditu. Hortaz, bildurrezko zinemearen lekukotza parebakoa da dokumentala. Proiekzinoaren ostean, barriketaldi baten hartuko dabe parte Diego Lópezek, Jack Taylorrek eta Javier G. Romerok.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!