Hamabi saridun, Huhezinemaren hamabigarrenean

Bizkaie! 2019-04-08 08:02   Zinemea

Aretxabaletan egin dabe sariak emoteko ekitaldia.

Antolatzaileek gogoratu dabenez, hamabi hamarkada bete ditu zinemeak, Huhezinema jaialdiak hamabi edizino, eta, hortaz, hamabi sari emon ditue. Igaz euskerazko film laburren arloan egindakoa batu eta nabarmentzea izan da 12. Huhezinemaren helburua. Aretxabaletako Arkupe aretoa goraino bete da sariak emoteko ekitaldian.

Kepa Errasti aurkezle dala, Sail Ofizialeko film guztiak proiektau ditue. Honeek izan dira: Agnés (Irati Elortondo), Un agujero en el muro (Carlos Moure), Tximeletaren hegaldia (Amaia San Sebastian), Ama (Josu Martinez), Shell Phone (Miren Mujika), Gogor atzea (Oier Fuentes), Ancora Lucciole (Maria Elorza), Asfixia (Leire Egaña), Zain (Pello Gutierrez) eta Minutuak (Mikel Uralde Arrue).

Ikusleek gogokoenen aldeko botoa emon dabe, eta boto guztiak zenbatu eta gero hasi dira sariak banatzen. Euskal film onenari Goiena Saria Pello Gutierrezen Zain lanak irabazi dau. Leire Egañaren Asfixia-k epaimahaiaren aitamen berezia jaso dau. Mikel Uralderen Minutuak filmak sari bi eskuratu ditu Sail Ofizialean: Vertigo Saria eta Ikusleena. Mundukide Saria Asier Toledok eta Xabier Martinek eskuratu dabe, Mugak hautsiz lanari esker.

Kutixi Sailean sari bi emon ditue. Batetik, Egoitz D. Ibargoitiaren Urtea joan da-k irabazi dau Kutixi Saria; bestetik, Julen de la Sernaren Babarrun txapelketa izan da Ikusleen Saria eroan dauena. MU Ikasleen Sarietan, honeek izan dira irabazleak: Ane Zuazubiskarren Erroak (Fikzinoa eta Argazkirik Onena kategorietan), Ane Garciaren Min ezkutuak (dokumentala) eta Egoitz D. Ibargoitiaren Stendhal (Ikusleen Saria). Kartelik onenaren saria Aitzol Zubizarretak irabazi dau.

Jaialdiko epaimahaian zinemagintzearen arloko profesionalak egon dira: Iratxe Fresneda, Natxo Rodriguez eta Izaskun Arandia. Jaialdia antolatzen Mondragon Unibersidadeko 16 ikasle ibili dira, Iban del Campo irakaslearen gidaritzapean.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa