'Alfonbra magikoa' filma euskeraz zinema-aretoetan
2019-04-05 13:08 ZinemeaZinema Euskaraz programearen eskutik dator estreinaldia.
Euskerara bikoxtutako beste film bat helduko da gaur, apirilak 5, Hego Euskal Herriko hainbat zinema-aretotara, Zineuskadi alkarteak ohar baten jakitera emon dauenez. Pantaila handian urte osoko ume eta gazteentzako euskerazko eskaintzea egotea da Zinema Euskaraz egitasmoaren helburua.
Oraingo honetan Alfonbra magikoa emongo dabe, Ole Lund Kirkegaard idazle daniarraren liburu baten oinarritutako marrazki bizidunetako filma, Karsten Kiilerichek zuzendua. Familia guztiarentzat aproposa da pelikula hau.
Hodja izeneko gaztetxu abenturazalea da protagonistea. Mundua ezagutzea da bere amesa, baina aitak ez deutso ixten. Aukera parebakoa sortuko jako merkatari batek bere alaba Diamante Sultanaren uritik ekarteko eskatzen deutsanean. Helburua lortu ezkero, alfonbra hegalaria oparituko deutso Hodjari.
Areto ugaritan emongo dabe Alfonbra magikoa: Gasteizen (Florida), Bilbon (Multiak, Golem Alhondiga), Iruñean (Golem La Morea), Getxon (Getxo Zinemak, Fides Norte), Donostian (Sade Antiguo Berri), Lizarran (Los Llanos), Lazkaon (Kultura Aretoa), Eibar (Coliseo), Urdulizen (Urduliz Antzokia), Zallan (Zine Antzokia), Beasainen (Usurbe), Derion (Gurea), Zumarragan (Zelai Arizti) eta Azkoitian (Baztartxo). Areto batzuetan gaur bertan estreinauko dabe filma, eta beste batzuetan egun edo aste batzuk itxaron beharko ditue.
Ganera, Zineuskadik hurrengo estreinaldiak zeintzuk izango diran be aurreratu dau, Zinema Euskarazen programazinoan: Apirilaren 26an Terra Willy eta maiatzaren 10ean Pikatxu detektibea emongo ditue zinema-aretoetan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!