'Basotik Itsasora'-ren aurrestreinaldia Zarauzko Modelo Aretoan
2019-04-04 08:10 ZinemeaEstreinaldi handiak apirilaren 6an, Bilboko Loraldian eta apirilaren 7an, Gursen izango dira.
Hotz Zarautz, Txikota Komunikazinoa eta Dantzazek alkarlanean egindako Basotik Itsasora dokumentalaren aurrestreinaldia egin dabe bart Zarauzko Modelo Aretoan; aurkezpenean, Fernando Saenz de Ugartek, Larart proiektuko koordinatzaileak eta Dantzazeko zuzendari nagusiak; Beñat Gerekak, Basotik Itsasora dokumentaleko zuzendariak; Agate Burgaña, Hotz Zarautz; eta Patxi Elolak, Zarauzko Udaleko Kooperazino zinegotziak, parte hartu dabe. Estreinaldi handia, barriz,astegoienean izango da, apirilaren 6an, zapatuan, Bilboko Loraldia jaialdian eta apirilaren 7an, domekan, Gursen, La Retirada Gurseko kanpalekuaren 80. urteurrenean.
Basotik Itsasora dokumentalaren aurrestreinaldian, antolatzaileen esperantzea zan harrerea bikaina izatea eta holako izan da. Ikusentzunezkoak ikusleei hausnarketea eragiten deutse eta hori bilatu nahi izan dogu, errefuxiatuen inguruan gogoeta globala zabaltzea. Arazoa ikusgarri egin, oroimena aldarrikatu, alkartasunerako deia suspertu, azaldu dau Beñat Gereka dokumentaleko zuzendariak.
Errefuxiatuen gaia ardatz dauen ikus-entzunezkoa Beñat Gereka getariarraren zuzendaritzapean egin da. Gurseko kanpalekutik Mediterraneora daroa ikuslea, errefuxiatuek iraganean bizi izandako eta orainaldian bizi daben egoerea ezagutzera. Gursetik Mediterraneora historia zirkularra bilakatu dogu. Basoa iragana eta itsasoa orainaldia, hortik dokumentalaren izenburua. Bigarren Errepublikea indarrik barik geratu zanean, milaka errepublikarrek eta nazinoarteko brigadistek mugea zeharkatu behar izan eben. Horreen artean, Gursek (Camp de Gurs) errefuxiatu talde handi bat hartu eban. 80 urte geroago Mediterraneoa zeharkatzen dabiz milaka persona Siriatik eta Libiatik alde eginez. Antxina pasau zan legez, eretxi publikoa zatikatuta dago eta xenofobia Europan zabaldu da zoritxarrez, zehaztu dau Gerekak.
Proiekzinoa historia kronologiko bat izateaz harago doa eta bidaia horretan artea eta kulturea bilakatu ditu Gerekak bidaide: Gurseko bizi egoera gogorra izanagaitik be, kultureak eta arteak kontzentrazino esparruan lekua hartu eben. Barrakak kultura eta arte areto bihurtu ziran. Gursen bezela arteak bere tartea hartzen dau Mediterraneoa zeharkatzen daben errefuxiatuen artean', gehitu dau.
Proiektua Hotz Zarautzek garatu dau Txikota Komunikazinoagaz eta Dantzazegaz alkarlanean, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Zarauzko Udalaren eta Getariako Udalaren laguntzinoagaz. Ikus-entzunezkoaren zati bat crowfunding bidez finantziau da.
Eskerrak emon nahi deutseguz hau posible egin daben persona, alkarte eta erakunde guztiei. Proiektu hau danona, nabarmendu dau Fernando Saenz de Ugarte Larart proiektuko koordinatzaile eta Dantzazeko zuzendariak.
Larart aterpe
Basotik Itsasora dokumentalak Larart proiektuan dau babesleku. Larart egitasmoak artea eta kulturea errefuxiatuen aterpe bilakatu nahi dau. Erresidentzia artistikoak barnuan hartuko dituan espazio bat, errefuxiatuen gaia abiapuntu hartuta produkzino artistiko barriei lekua emongo deutsena.
Aurten egitasmoari hasierea emonez, Larart-ek sorkuntza biri emongo deutse aterpe: Basotik Itsasora dokumentalari eta Basoa koreografiari. Errefuxiatuek bizi daben errealidadea gizarteratu eta arazo honen inguruan sensibilizetea dabe biek helburu.
Astegoieneko estreinaldi handiaren ondoren, herriz herri eta mugak zeharkatuz biran hasiko dira ikusentzunezkoa zein lan koreografikoa. Produkzino biek lehen geldialdia Madrilgo Vallecas auzoan egingo dabe Calle del Libro jaialdiaren XX. edizinoan, apirilaren 10ean eta 11n. Jarraian, apirilaren 14an, Getarian proiektauko da dokumentala. Apirilaren 21ean, ostera, Mauleko Xiru festibalean koreografia ikusteko aukerea izango da.
Basoa
Basoa lan koregorafikoak, dokumentalak bezela, errefuxiatuen gaia dau erdigune. Koreografia Josu Mujikak sortu dau eta musikea Iñaki Salvadorrek. Adriana Pousen zuzendaritzapean, Dantzaz konpainiako jantzariak Gurs kanpalekuan bete betean barruratuko ditue ikusleak.
Gurs. Estalkia. Gordelekua. Magiaz betetako lekua edota bildurgarria. Historiako momentu tragiko jakin bat ezkutatu eta ahaztu gura eban basoa. Milaka persona hil ziran barrendegia. Iraganaren eta orainaldiaren zubia, hori da ikusleek jantzearen bidez ikusiko dabena, adierazo dau Fernando Saenz de Ugarte Larart proiektuko koordinatzaileak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!