XII. Animadeba Nazinoarteko Animazio Zinemaldiak 1349 obra jaso ditu aurten

Bizkaie! 2019-04-03 08:58   Zinemea

Orain arteko 11 edizinoetan Gabon giroan ospatu izan daben Animadeba bagilean dator aurten.

Animadeba, Euskal Herriko animazino ekitaldi urtetsuenak, hamarkada luzeko ibilbide arrakastatsuaren ostean, mostra izateari itxiko deutsoio eta nazinoarteko jaialdi bihurtuko da aurten. Orain arteko 11 edizinoetan Gabon giroan ospatu izan daben zinemaldia bagilean dator aurten.

Animazinoa ume zein helduentzako generoa dala aldarrikatzeko eta bertan zein gure mugetatik kanpoko film labur eta luzeei ikusgarritasuna emoteko sortu eben Animadeba jaialdia orain dozena bat urte. Gabonetako oporraldian, Debako Agirre jauregiko ispiluen gelan egiten zituen emonaldiak, lehen urteetan, lehiarik barik. Baina festibala formea hartzen joan da azken edizinoetan, eta gortina lehiaketea lehenengo, eta film laburren sail lehiatua aurten, gehitu deutsiez ekimenari. Horrezaz gan, Udalak hartu dau jaialdia antolatzeko ardurea eta saioak Kultur Alkartera lekualdatu ditue.

Bagilaren 19an emongo jako hasierea eta ondoko bost egunetan makinatxu bat ekitaldi izango dira hilaren 23ra arte, Debako herrian. Lehiaketea izango dan lehen edizino honetan, urtero legez Debako Udalak antolatutako Animadeba Nazinoarteko Animazino Zinemaldiak, parte-hartze marka guztiak gainditu ditu: Jasotako 1349 film laburren artean, jatorriari jagokonez eta gehien aurkeztu dituen herrialdeei jagokenez, Ameriketako Estadu Batuetakoak dira aurkeztutako 125 lan, Frantziakoak 120 eta Iranekoak 91; Erresuma Batuetatik, barriz, 86 film labur aurkeztu ditue, Indiatik 63 eta Espainiatik 63.

Hautaketa batzordea, Debako 18 gizon eta emakumez osotuta dago, 22 eta 45 urte bitartekoak. 10 film laburrek parte hartuko dabe Sail Ofizialean eta beste hainbeste Zuzendari Barriak EHU/ UPV sailean. Atal Ofizialean hautatuak izan diran 10 proposamenek 500 euroko saria jasoko dabe lehiaketan hautatuak izateqagaitik.

Era berean, aukeratutako film labur guztiek jaso ahal izango ditue jaialdiko sari ofizialak: Film Laburrik onena, garaikurragaz saritua; Gidoirik onena garaikurragaz saritua; eta Ikuslearen Saria, diplomeagaz saritua. Bestalde, Zuzendari Barriak atalean sari bakarra egongo da, 300 eurokoa, EHUk emongo dauena.

Erakustaldia etenbarik hazi da, handia egin arte. Hamar urte eta gero, formulak funtzionetan dauela ikusita, Animadeba festibalak merezidu dauen garapen naturala dala uste dogu dino Aitor Oñederra euskal zinemagileak, I said I would Never Talk About Politics animazinoko film laburragaitik Goya sarietan izentau ebena eta Festibalaren zuzendari kreatiboa dana. Doxa Producciones konpainiak antolatzaile taldeagaz bat egin dau eta mostra izatetik Festibala izateko transizioan izan dau bere eginkizun nagusia, Ainhoa Andraka eta Zuri Goikoetxearen lanari esker, batez be.

Gazte zein helduei zuzendutako animazinoko film luze eta film laburren proiekzinoez gan, besteak beste, erakusketak, berbaldiak, tailerrak, kontzertuak eta maisu, maistra-eskolak eskainiko ditu Festibalak, besteak beste. Bestalde, aurtengo edizinoak hainbat barritasun dakarz: hondartzan eta herriko leku desbardinetan proiekzino eta kontzertuak izango dira.

Animazino-munduko persona famatuek parte hartu dabe Jaialdian, berbarako, Juanba Berastegi, Isabel Herguera, Izibeñe Oñederra, Kote Camacho eta Bego Vicario; baita Doctor Deseo, Gari eta Unclose artistak be. Animazino generoan garrantzitsuak diran gonbidatuak eta saridun eta ospetsu izan diran azkenaldian produzidutako nazinoarteko filmak batuko dira etapa barri honetan, Animadeba Nazinoarteko Animazino Zinemaldian.

Izena emotea martiaren 22an amaitu zan. 2018ko urtarrilaren 1etik aurrerakoko lanak onartu ditue, gehienez hogei minutuko iraupenekoak. Izena emotea doban izan da eta jaidian eskaintzeko aukeratutako hamar lanek 500 euro eskuratuko ditue hautatuak izate hutsagaitik. Horrezaz gan, Filmazpit katalogoan egongo dira ikusgai hiru urtez, euskerazko azpitituluakaz (erderetan egindako lanak badira).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa