Injineruen eta Deusturen arteko estropadea, apirilaren 12an
2019-04-03 08:07 KirolaIgazko porrotaren errebantxea nahi dabe EHUko injineruek.
Bilboko Itsasadarra tradizino handiko kirol desafio baten lekuko izango da beste behin, Deustuko Unibersidadeko eta EHUko Injineruen Fakultadeko arraunlarien arteko estropadearen 39. edizinoa hain zuzen. Hitzordua ipinita dago: Apirilaren 12an, barikua, 19:00etan.
Bizkaiko Uren Partzuergoaren egoitzan aurkeztu dabe 39. edizino hau. Bertan azaldu dabenez, sei zuzen eta bost bihurgune izango ditu ibilbideak, Erandioko Altzagan hasi eta Bilboko udaletxera arte. Lau itsas milia dira. Lemazaindun zortzi outrigger modalidadean lehiatuko dira.
Igaz deustuarrek irabazi eben, euren 24. garaipena izan zan 1981an lehenengo ekitaldia egin zanetik. Injineru Eskolakoek, ostera, 14 aldiz irabazi dabe, eta errebantxea eta 15. garaipena lortu nahi ditue. Batez be, kontuan hartuta euren ekimenez sortu zala lehiaketa berezi hau: Ingalaterrako tradizinoari keinua eginaz, Deustukoei desafioa bota eutsien 1981ean, eta harrezkero urteroko hitzordua da.
Datu eta errekor batzuen barri be emon dabe estropadearen aurkezpenean. Denporarik onena Deustuk egin eban, 2016an: 22 minutu eta 14 segundu. Denporarik eskasena Injineruen 1987koa da, 30 minutu eta 39 segundu. Deustuk 106 arraunlari erabili ditu desafioaren historian, Injineruek 148.
Antolatzaileek dei egin deutsie herritar guztiei estropadea ikusi eta arraunlariei animoak emotera joan daitezan. Urtero-urtero, itsasadarraren ertzak jentez ganezka egoten dira, giro bikainean.
2019/04/12 19:00
Bilboko ItsasadarreanErantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!