'Asher' filmaren aurrestreinaldia FANTen

Bizkaie! 2019-04-02 12:11   Zinemea

Bihar, apirilak 3, emongo dabe Michael Caton-Jonesen lana Bilboko Golem-Alhondigan.

Bilboko Fantasiazko eta Bildurrezko Nazinoarteko Zinemaldiaren, FANTen, 25. edizinoaren kontura, ekitaldi berezi ugari antolatzen dabiz jaialdia hasi aurreko asteotan. Tartean dagoz pilo bat aurrestreinaldi eta proiekzino, esate baterako, biharko, apirilak 3, programau dabena. Asher izeneko thrillerra emongo dabe, Azkuna Zentroko Golem-Alhondiga aretoan, 20:00etan.

Asher, soldatapeko hiltzaile bilakatutako Mossadeko kide ohia, da pelikulako protagonistea. Brooklynen bizi dala, bere lan ibilbidearen, eta beharbada bizitzearen, amaieratik hur, Asherrek gaztetan egin eban promesea apurtuko dau, Sophie ezagutzean. Izan gura dauen gizona bihurtzeko aukera bakarra, behinola izan zan gizona hiltea izango da.

Film amerikarra dan arren, Michael Caton-Jones eskoziarra da filmeko zuzendaria, eta Asherren azalean sartu dan aktorea Ron Perlman da. Beste aktore nagusi batzuk Famke Janssen, Jacqueline Bisset, Peter Fanzinelli eta Richard Dreyfuss dira.

Proiekzinoa ikustea doban izango da, baina gonbidapenak aurrez hartu behar dira. Egun berean zabalduko dabe txarteldegia, 16:00etan, eta persona bakotxak gonbidapen bi hartu ahal izango ditu gehienez.

Etzi, eguena, ostera, euskal sortzaile baten filma aurkeztuko dau FANTek, Loraldia Festibalagaz alkarlanean. Lurralde hotzak da Iratxe Fresnedak zuzendu dauen fikzinozko lehenengo film luzea. Emakume baten bakarkako bidaiearen kontakizuna da, bere laguntasun bakarra kamerea eta buruan darabizan mamuak dira. Proiekzinoa 19:30ean hasiko da, Arte Eder Museoan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu