III. Animakon Fest, Bilboko Nazinoarteko Animazino Zinemaldia apirilaren 2tik 8ra

Bizkaie! 2019-03-21 10:59   Zinemea

Egitaraua apirilaren 2an hasiko da Fermin Muguruza zuzendariaren Black Is Beltza filmaren proiekzinoagaz.

Pedro Rivero, Animakom Fest zinemaldiko zuzendariak, eta Nekane Alonso, Bilboko Udaleko Kultura Zinegotziak, egitarau osoa ezagutzera emon dabe, baita ohorezko saria jasoko daben emakumeen izenak be.

Apirilaren 2tik 8ra, Bilboko Nazinoarteko Animazino Zinemaldia ospatuko da, lehiaketa-atal bi eta nazinoarteko zinemaldi aitagarrienetatik datozen zenbait aukeraketa tematiko eta lan barruan hartzen dituan hamaika erakustaldigaz. Kontuak kontu, I. Animakom Festen 600 film labur hartu zituen antolatzaileek eta aurten, III. edizinoan, 1.200 jaso eta 600 aukeratu ditue.

Egitaraua apirilaren 2an, martitzenean, hasiko da Fermin Muguruza zuzendariaren Black Is Beltza film luzearen proiekzinoagaz El Carmen aretoan. Zinemaldiak Bilborock izango dau egoitza nagusia.

Aurten be, Animakon Fest zinemaldiaren ekitaldi nagusia animazino zinemagintzan dabizen emakumezkoen zeregina aldarrikatzen dauen Animakom Sariaren banaketea izango da, bide batez, emakumezko horreen ibilbidea autortuz eta omenduz. Edizino honetan, sari-banaketeak izakera berezia izango dau, izan be, bat baino gehiago izango baitira saritutako emakumeak. Aurten, Animakom saria jasoko dabe bost euskal emakume zinemagileek: Isabel Herguera, Izibene Oñederra, Begoña Vicario, Myriam Ballesteros eta Maite Ruiz de Austrik.

Animakon Fest Develop alkarteak Abrakam Estudio eta Platanobolígraforen laguntzinoagaz antolatutako zinemaldia dogu. Bilboko Udala, Bizkaiko Foru Aldundia, SGAE Fundazinoa eta Laboral Kutxa, barriz, babesleak dira, eta aurreko urtetan legez, umeei zuzendutako emonaldi eta ikastaroak izango dira.


Umeak protagonista


Animakom hasi baino lehen, Frantses Institutuan 6 urtetik aurreragoko umeei zuzendutako 8 film labur eskainiko dira, guztiak Frantziako animazino-eskoletan egindakoak. Proiekzinoa martiaren 30ean, zapatuan, izango da arratsaldeko 17:00etan (frantsesez eta gaztelerazko azpitituluakaz).

Era berean, Animakom jaialdiak tailerrak eta workshop-ak jasoko ditu, CMYK eskoleagaz batera Storyboard-eko Ikastaro Monografikoa antolatu da. Ikastaroa Paul Caballero bilbotarraren eskutik izango da.

Hamabost orduko iraupena izango dauen ikastaroaren prezioa, SGAE Fundazinoak lagunduta,  60 eurokoa izango da.

Izen–emoteak info@escuelacmyk helbidera bideratu behar dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa