Atzerriko Dokumentalik Onenaren Saria irabazi dau Bertha Gaztelumendik Kopenhagen

Bizkaie! 2019-03-20 08:22   Zinemea

Emakundek produzidutako Volar lanak indarkeria matxistearen biktimei emon deutse berbea.



Bertha Gaztelumendik zuzendutako eta Emakundek produzidutako Volar filmak (2017), Atzerriko Dokumentalik Onenaren Saria jaso dau Annual Copenhagen Film Festival, izeneko zinemaldian, joan zan astean Danimarkako uriburuan ospatutakoa. Zuzendari gipuzkoarrak ezin izan eban saria jaso, Libanon egoalako Beirut International Women Film Festival zinemaldian bere filmea aurkezten.

Volar Annual Copenhagen Film Festivalera bialdutako mila filmen artean aukeratu eben, eta Atzerriko Dokumentalik Onenaren Kategoriako lehian parte hartu dau. Beirutetik etorri barria danean sariaren albistea jaso dau zuzendariak.

BWFF urtez urte ospatzen dan zinemaldia da; Beiruten mundu osoko zinemagileak eta zinemazaleak batzen dira. Generoen bardintasuna, sexu askatasuna edo indarkeria ditu ardatz eta bere ingurua aldatzearen alde duintasunez lan egiten daben emakumeen irudi positiboa sustatu nahi dau.

Volar filma bere bidea egiten dago nazinoarteko zinemaldietan: Grezian, -Documentary Fest Ierapetra-, Colombian -Medellín International Film Festival (FestMedallo) eta Festival Internacional de Fusagasugá, Uruguayn -Globale Uruguay-, Zimbawen -International Images Film Festival for Women (IIFF), Mexikon -Mic Genero Itinerante Latinoamérica eta Mexico International Film Festival, Ipar Irlandan -Respect Belfast Human Rights Film Festival- eta Italia -Social World Film Festival Italia-. Berlineko Mov(i)e Activism zinemaldiaren hurrengo edizinoan parte hartzeko aukeratu barria be izan da.

Donostiako Zinemaldian 2017an aurkeztu ebenetik filma etenbarik emon dabe sare komertzialetik kanpoko aretoetan. Euskal Herrian eta Estaduan ehun emonaldi berezi eta zinema-lehiaketondoko zinemalditan be emon dabe: Directed by Women (Madrid), MON•DOC Muestra docu de Montaverner (Balentzia), Bartzelonako Cat Zinemaldian, Ponferradako Nazinoarteko Zinemaldian, baita Granada, Cádiz, Alicante eta Murtzian be.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu