Mary Shelley eta bere Frankesteini omenaldia FANT 25ek eta BilbaoArtek

Bizkaie! 2019-03-14 13:51   Zinemea

Programeak erakusketa bat, boxeo literarioko gau-ekitaldi bat, liburu biren aurkezpena eta sei filmen proiekzino ziklo bat batuko ditu.

Mary Shelleyri, garaiko figura urratzailea, feministea eta zientzia-fikzinoan aitzindaria, gorazarre egiten deutson jardueren programa bat antolatu dabe BilbaoArtek eta FANT25-ek. Programea, BilbaoArteren, produkzino artistikorako zentroaren, instalazinoetan egingo da eta erakusketa bat, boxeo literarioko gau-ekitaldi bat, liburu biren aurkezpena eta sei filmen proiekzino ziklo bat batuko ditu.

Kristalezko Patioak La criatura de Mary Shelley erakusketea jasoko dau eta mueta guztietako 200 objektu baino gehiagok osotuko dabe, Pedagogian lizentziatua eta hezitzaile soziala dan Carolina Gonzalezen bildumatik hartuta. Inaugurazinoa martiaren 21ean izango da, 19:00etan, eta astelehenetik barikura ikusgai egongo da apirilaren 27ra arte.

Inaugurazinoa laguntzeko, boxeo literarioko gau-ekitaldi bat izango da Iria Barro Vale gidoilaria eta Jesús Palacios editorearen artean. Frankensteinen sorrerea eta publikazinoaren bigarren mendeurrena dala eta, modernidadean oinarrizkoa eta emonkorrenetakoa dan eleberrietako batean, Mary Shelleyren alderik benetako, esklusibo edo partekatua dan autoretzearen inguruko zalantza handiak berpizten dira. Berbaldia 19:30ean hasiko da, Percy vs. Mary o Shelley contra Shelley titulupean.

Testuinguru horretan, martiaren 22an, 18:00etan, fantasia eta terrorezko eleberri biren aurkezpena egingo dabe Iria Barro Valek eta Jesus Palaciosek: Satoriren Eroguro eta Valdemar-en TerrorVisión.

Era berean, Frankensteini eskainitako sei filmen zikloa, programau da Shelleyk sortutako mito eta kultura ikonoaren inguruan. Josemi Beltranek aurkeztuko dau zikloa, Donostiako Bildurrezko Zinemearen Asteko zuzendaria, programa honegaz kolaboradorea dan erakundea. BilbaoArteko Art House Zineman izango dira proiekzinoak, martitzen eta eguenetan, martiaren 28tik apirilaren 16ra bitartean: La novia de Frankenstein (martiak 28, 19:30), La maldición de Frankenstein (martiak 2, 19:30), El jovencito Frankenstein (martiak 4, 19:00), Remando al viento (martiak 9, 19:00), Frankenstein de Mary Shelley (martiak 11, 19:00) eta The empire of corpses (martiak 16, 19:00).

Era berean, apirilaren 1etik maiatzaren 15era Mary Shelley: munstroaren heriotza eleberri grafikoa osotzen daben jatorrizko ilustrazinoen erakusketea hartuko dau Burtsa Udaltegiak, Raquel Lagartos komiki marrazkilaria eta ilustratzailearena. Komikiak Mary Shelleyren psikologia barrubatzen dau, zorigatxeko bizitza batek jotakoa.

Jarduera guztiak doban dira aretoen edukiera bete arte.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu