'Pirata arratoia' euskeraz estreinauko dabe martiaren 15ean

Bizkaie! 2019-03-13 13:23   Zinemea

Apirila be euskerazko estreinaldiz beteta helduko da.

Zinema Euskeraz programeak familia osoarentzako zinemearen aldeko apustua sendotuko dau euskeraz egingo dituan hurrengo estreinaldi komertzialakaz.

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak Zineuskadiren bidez, EZAE aretoen sareagaz alkarlanean eta Hiru 3 Umeak katearen laguntzinoagaz bultzatzen dauen programeari esker, Euskadiko eta Nafarroako pantailetan urte osoan zehar nazinoarteko filmak euskeraz gozetako aukerea izango da.

Pirata arratoioa eta hazteko beste abentura batzuk filmak bidelapur gozozaleenaren istorioa dakar. Zaldi gainean dabilela, Arratoi Piratak bidean topetan dituan bidaiariei janaria ostuten deutse. Baina, egun batean, bera baino azkarragoa dan bateren bategaz topauko da. Filmea osotzeko, haztearen abenturari buruzko beste hiru istorio be egongo dira ikusgai.

Grufaloa lanaren egileek sortutako istorio hau haztearen abenturearen inguruko beste hiru film laburrakaz batera aurkeztuko da. Jeroen Jaspaert-ek (Stick Man) zuzendu dau umeei bideratutako film hau.

Apirila be euskerazko estreinaldiz beteta helduko da eta adiskidetasuna edo amesen aldeko burrukea erakutsiko ditue beste hainbat baliogaz batera: Alfombra magikoa (Paycom Cinema) eta Terra Willy (Karma Films) apirilaren 5 eta 26an, barikuetan, estreinauko ditue hurranez hurran.

Alfombra Magikoa Karsten Kiilerich-ek, film labur onenarentzako Oscar sarietarako hautagaiak, zuzendu dau eta Hodja-ren istorioa dakar; Hodja gurasoakaz eta Raya ahuntzagaz batera Pjort-en, Bulgislav-eko basamortuko herrixka batean, bizi dan umea da. Pjort toki polita da, baina txikia, eta Hodjak egunero egiten dau ames zerumugan ikusten dituan mendiez harago dagoan mundu handia bisiteteagaz.

Hirugarren estreinaldian, Terra Willy filmean (hori be umeei zuzenduta dago), Willy espazioan zehar misino batean gurasoakaz bidaiatzen dagoan umea da. Istripu bat dala eta espazio-ontzia suntsitzen danean, Willy larrialdiko kapsula batean espazio-ontzitik urten, gurasoakandik aldendu eta aztertu bako planeta basati batean hartuko dau lur. Buck izeneko bizirauteko robotagaz eta bere lagun estralurtar barriagaz, Flash-egaz, batera, Willy barriro gurasoakaz batzeko moduaren bila hasiko da mundu barri eder horren sekretuak ezagutzen dituan bitartean.

Kontuak kontu, Arratoi Pirata ondoko zinema-aretoetan estreinauko dabe barikuan: Antiguo Berri (Donostia), Niessen Zinemak (Errenteria), Getxo Zinemak (Getxo) eta Golem La Morea (Iruña).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu