'Dantza' eta 'Oreina', 14. Zinemaldia Cat hasteko

Bizkaie! 2019-03-13 09:35   Zinemea

Eguaztenetik domekara, jaialdia euskal zinemearen leihoa izango da Bartzelonan.

Azkenaldion euskal sortzaileek aurkeztutako film labur eta luzeak Bartzelonan ikusi ahal izango dira, 14. Zinemaldia Cat jaialdian, martiaren 14tik 17ra. Kataluniako uriburuko Euskal Etxeak antolatzen dau urtero, Etxepare Euskal Institutuaren eta Azkue Fundazinoaren laguntzinoagaz. Emonaldiak Girona zinema-aretoetan egingo ditue.

Eguaztenean, lehenengo egunean, fikzinozko film luze bik zabalduko dabe Zinemaldia Cat. Batetik, Telmo Esnalen Dantza eta, bestetik, Koldo Almandozen Oreina proiektauko ditue. Zuzendari biak Bartzelonan izango dira, euren pelikulen inguruko azalpenak emoten.

Dokumentalek leku nabarmena izango dabe edizino honetan. Sari nagusia irabazteko hautagaien artean lau dagoz. Laster zinema-areto komertzialetara helduko dan Margolaria izango da horreetako bat, martiaren 15ean. Oier Aranzabalek zuzendua, sortzaileen eguneroko zereginak eta kezkak jorratzen ditu filmak, Mikel Urdangarin musikaria abiapuntu dala.

Martiaren 16an Muga deitzen da pausoa pelikulea emongo dabe, Maider Oleagak Elbira Zipitria andereño aitzindariaren inguruan egindakoa. Egun berean, Josu Martinezek Lezo Urreiztietaren ganean egindako Jainkoak ez dit barkatzen emongo dabe. Marina Lameiroren Young & Beautiful hilaren 17an proiektauko dabe.

Film laburrentzako tartea be izango dau Zinemaldia Catek. Kimuak egitasmoaren katalogoko bost lan eroango ditue Bartzelonara: Ama (Josu Martinez), Espedizio handia (Iban del Campo), Kafenio Kastello (Miguel Angel Jimenez), No me despertéis (Sara Fantova) eta Zain (Pello Gutierrez).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu