XIII. Punto de Vista, martiaren 11tik 16ra

Bizkaie! 2019-03-11 09:20   Zinemea

Sail Ofizialak 1.160 film baino gehiagoren artean hautatuak izandako filmak batuko ditu.

Iruñean martiaren 11tik 16ra egingo dan XIII. Punto de Vista, Nafarroako Zinema Dokumentaleko Nazinoarteko Jaialdiko programazinoa zazpi atal handitan banatuko da: Sail Ofiziala, mundu osoko herrialdeetako 1.160 film baino gehiagoren artean hautatuak izandako filmak batuko dituana; Atzera Begirakoak, Marcia Hafif eta Jonathan Schwartz abangoardiako egileak protagonista dituanak; DokBizia, hainbat arlotako artistak batuko dituan diziplinarteko topaketea, errealidadeagaz zelako hartu-emonak dituan; Punto de Vista Labs, jakintzak konpartiduteko eta sorkuntza kolektiborako espazioa; Foku Garaikideak, Punto de Vistako saio monografikoak, begirada nazinoarteko zinemagile garrantzitsuenetako batzuengan jarriko dabenak; Saio Bereziak, X Films, euskal eta nafar zinemagileen arteko Paisajea topaketea edo Planetarioan antolatuko dan film zikloaren moduko programakaz, eta, azkenik, Hezkuntza Programea, hazten jarraituko dauena Jaialdia ikusle barriei zabaltzeko. Ganera, Jaialdian egingo diran proiekzinoetarako eta ekitaldietarako sarrerak salgai dagoz, online nahiz Punto de Vistaren egoitza nagusia izango dan Baluarteko leihatilan.


Bigarren atzera begirakoa: Marcia Hafif

Pomona-n (Kalifornia) jaiotako Marcia Hafif-en (1929-2018) atzera begirakoak aztergai izango dau nazinoartean aintzatespena lortu eban artista plastiko honen lana, haren garaiko pintura monokromatikoaren ordezkari nagusietako bat izan zanaren lana.


Lekua bertoko artistentzat

Martiaren 12a, bertoko artisten lanei eskainitako eguna izango da. Euskal eta nafar zinemagileakaz eta programatzaileakaz ateak zarratuta egingo da bilerea eta, horrezaz gan, ikusleek azkenaldiko lanez gozau ahalko dabe Paisajea saioan. Aurten, filmak lotzen dituan gaia denporearen joanari eta haren eraginari buruzko hausnarketea da.


Saio bereziak: John Priceren eta Robert Beaversen azken filmak

John Pricek bere azken filmak dakarzku, gehienak ikusi bakoak oraindino. Punto de Vistan geugaz izango dan kanadar zinemagile independente hau dokumental esperimentalak, jantzeri buruko filmak eta diary filmak egiten hasi zan 1986an.

Robert Beaversen (Massachusetts, 1949) programan estadubatuar zinemagile esperimental honen azken lanak batu dira. Deerfield Academy izenekoan egin zituan ikasketak, baina graduau aurretik, 1965ean, New Yorkera joan zan filmak egiteko asmoz. New Yorken bizi izan zan 1967ra arte eta, orduan, bere lagun Gregory Markopoulos-egaz batera Europara joan zn. Azkeneko urteetan, haren atzera begirakoak egin ditue hainbat erakundek.


Punto de Vista Labs: Luke Fowler eta Museum of Clouds

Punto de Vista Labs jakintzak konpartiduteko eta sorkuntza kolektiborako espazioan, Glasgowen bizi dan Luke Fowler artista, zinemagile eta musikariak masterclass bat emongo dau, eta bertan landuko ditu bere zinemagintza lanaren ardatz izandako arlo biak: soinua eta fitxategiak. Ganera, Enceindre proiektauko dau Amaierako Saioan.

Punto de Vista Labs-ek Museum of Clouds proiektua jasoko dau, Londresko Tate Modern museoan hasi zana 2018ko urrian. Prozesuan dagoan proiektu lez planteau zan Museum of Clouds.

 

Punto de Vista 2019ko goiburua

2019ko Punto de Vistakoa irudirik bako zinema jaialdi baten goiburua izango da. Eta aldi berean, sekula ez dira horrenbeste irudi jaso pantaila batean. Aurten, Punto de Vistako goiburuan zenbait artistaren lana batu da: Chris Watson soinu artista ingelesaren, Ánde Somby yoiker-aren eta Zazpi T’erdi kolektiboko errealizadoreen lana. Aurtengo edizinoaren motiboetako bat ahotsa izanik, Europa iparraldeko Sámi indigena komunidadearen unibersora hurreratu eta ikusiko dugu ahotsaren eta antxinako kantu honen bidez pertsonak, animaliak, naturako elementuak edo lurpeko energiak bideratzen dituala.


Errekorra akreditazinoa lortu daben profesionalen eta ikasleen kopuruan

Akreditazinoak lortzeko epea amaituta, esan daiteke aurten inoizko parte hartzerik handiena izango dala zinemaren munduko nazinoarteko profesionalei jagokenez, zinemagileak, irakasleak eta programatzaileak kontuan hartuta, 200 profesionaletik gora etorriko dira gurera, eta horreen artean izango ditugu munduko jaialdi entzutetsuenetako programatzaileak, Berlinalekoak, Locarnoko Zinema Jaialdikoak edo Washingtoneko National Gallery of Art-ekoak. Eta akreditazinoa lortu daben ikasleei jagokenez be, errekorra: hainbat zinema eskolatako (ESCAC, Bartzelona; EQZE, Donostia; ECAM, Madril; Master LAV, Madril; edo Bartzelonako Unibertsitate Autonomoa) 140 ikasle izango dira gurean irakasleakaz batera aste honetan, eskolak etengo baititue Punto de Vistara etorri ahal izateko.


Punto de Vista 2019ko kolaboratzaileak

Programako proposamenei babesa emonez, kolaboratzaileak eta bazkideak bilatzearren aurreko urteetan abiatutako lanak jarraipena izan dau 13. edizino honetan. Punto de Vistak sendotu eta garatu egingo ditu aurreko urteetan hainbat erakundegaz (Iruñeko Udala, Nafarroako Kutxa Fundazioa, Planetarioa, Nafarroako Filmotekea, Huarteko Arte Garaikideko Zentroa, Donostiako Elías Querejeta Zinema Eskolea edo Radio 3) ezarritako hartu-emonak, baina bidelagun barriak be egingo, besteak beste, Nafarroako Unibersidadeko Komunikazino Fakultadea, Reina Sofia Museoa, Kanadako Enbaxadea Espainian edo estaduko zinema eskolakaz lantzen dagozan proposamenak.

Ganera, Dennis Lim eta Andrea Lissoni Punto de Vistan izango ditugu Acción Cultural Española (AC/E) erakundearen babesari esker, Espainiako Kulturea Nazinoartekotzeko Programearen (PICE) bidez (Bisitarien modalidadean).


Informazino gehiago eta egitaraua hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu