'Elkano, lehen mundu bira' Malagan estreinauko dabe

Bizkaie! 2019-03-05 13:17   Zinemea

Martiaren 23an proiektauko dabe Ángel Alonsok zuzendutako filma.

Ángel Alonso zuzendaria, filmeko Magallaes eta Elkano pertsonaien alboan (argazkia: Dibulitoon) | Ikusi handiago | Argazki originala

Dibulitoon etxeak asmo handiko proiektua ipini dau martxan, Juan Sebastian Elkano getariarrak XVI. mendean lehenengo mundu birea emon ebaneko gorabeherak marrazki bizidunetan kontetea, ume, gazte eta familientzako film luze baten. Ganera, euskerazko eta gaztelaniazko bersinoak ditu. Egitasmoa aurrera doa, eta dagoeneko badakigu noz ikusi ahal izango dan Elkano, lehen mundu bira/Elcano y Magallanes, La Primera Vuelta al Mundo.

Lehenik eta behin, Malagako Zinema Jaialdian egingo dabe erabateko estreinaldia, martiaren 23an. Jaialdi horrek badauka estreinaldi berezien atala, eta bertan sartu dabe Elkanoren inguruko euskal filmaren proiekzinoa. Bestetik, zinema-areto komertzialetan ikusteko pixka bat gehiago itxaron beharko dogu: Garagarrilaren 12an izango da estreinaldi komertziala.

Hain zuzen be, udan beteko dira 500 urte Juan Sebastian Elkano getariarrak munduko bireari ekin eutsala Sevillan, Fernando Magallaesek gidatutako espedizinoan. Bidaian gorabehera ugari izan zituen, tartean Magallaesen heriotzea, eta munduari bueltea emonda Espainiako kostaldera heldu ziranean, Elkano zan espedizinoaren burua. Munduari emondako lehenengo bira osoa egin eban getariarrak, beraz.

Istorio latz hori marrazki bizidunetara egokitu dau Dibulitoon produkzino-etxe gipuzkoarrak. Detaile batzuk bigundu egin ditue eta Elcano protagonistea benetan baino gazteago agiri da, era horretara umeak eta familiak erakarteko.

Ángel Alonsok zuzendu dau Elkano, lehen mundu bira, José Antonio Vitoria eta Garbiñe Losadaren gidoian oinarrituta. Soinu bandan, Euskadiko Orkestra Sinfonikoak, Donostiako Orfeoiak eta La Oreja de Van Gogh taldeak hartu dabe parte. Euskerazko bersinoa Barton Films etxeak banatuko dau, eta gaztelaniazkoa, Filmaxek.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa