Dopinaren Kontrako Euskal Agentziak 293 kontrol egin zituan 2018an

Bizkaie! 2019-03-04 07:54   Kirola

Kontrol gehien izan dituen modalidadeak: arrauna, errepideko txirrindularitzea eta errepideko atletismoa dira.

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak eta Jarduera Fisiko eta Kirol zuzendari Jon Redondok Dopinaren Kontrako Euskal Agentziak 2018. urtean izan eban jarduerearen txostena aurkeztu dabe. Eusko Jaurlaritzearen menpeko erakunde horrek dopinaren kontrako 293 kontrol egin zituan igaz, laginak jasoteko 60 misinoren bitartez. 13 kirol-modalidadetan egin ziran kontrolak: misinoen % 80 lehiaketen barruan eta % 20 entrenamendu edo kontzentrazinotan. Galarazotako substantzien konsumoa egiaztatu eben kontrako 11 emoitza baieztatu ziran igaz; horreetako 4ren kasuan, aitatu konsumoa baimendua egoan.

Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzearen konpromisoetako bat da dopinaren kontrako jarrerea kirol arloan. Tolerantziarik eza da gure konpromisoa eta, horretarako, gero eta aintzatezpen handiagoa dauen Dopinaren kontrako Euskal Agentzia lako erreminta bat dogu Euskadin, nabarmendu dau Zupiria sailburuak.

Eusko Legebiltzarrak Dopinaren kontrako Legea aldatzea onartu eban igaz eta, ordutik, araudiak berariaz jasoten dau Dopinaren Kontrako Euskal Agentziak dauela dopinaren kontra Euskadin burrukatzeko eskumena. Espainiako mueta horretako entidadeetako bat da Dopinaren Kontrako Euskal Agentzia.

Euskal Agentziaren helburua da 300 kontrol inguru egitea urtean, Estadu askoko nazino-mailako dopinaren kontrako agentzia askok egiten dituen kontrolak gainditzen dauen kopurua. Igazko 293 kontrol horreekaz, 2017n baino kontrol bat gehiago eta 2016n baino 116 kontrol gehiago egin ziran, izan be, 2015. urtea da igazko kontrol-kopurua gainditzen dauen bakarra (302 kontrol). Misinoen % 80 eta kontrolen % 88 kirol-lehiaketen barruan egin ziran.

Kontrol gehien izan dituen modalidadeak: arrauna, errepideko txirrindularitzea eta errepideko atletismoa dira.

Jasotako laginen % 86 gizonezkoenak ziran; % 14, barriz, emakumezkoenak. Laginak jasoteko bisitautako ekitaldiei jagokenez, % 68 erkidego-mailako ekitaldiak ziran, % 23 nazinoarteko kirol-ekitaldiak eta kasuen % 9an Estadu-mailako probak ziran.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu