FANTek Koldo Serraren '70 Binladens' aurrestreinauko dau martiaren 7an, Bilbon

Bizkaie! 2019-03-04 11:46   Zinemea

Emma Suárez, Nathalie Poza eta Hugo Silva protagonista dituan filma Azkuna Zentroan eskainiko da. 

Bilboko Udalak antolatzen dauen Bilboko Fantasiazko Zinemaldiak (FANT) 25. edizinoa ospatuko dau maiatzaren 2tik 11ra, eta ezustekoen eta ekitaldi berezien bitartez egingo dau; horreen artean, aurreko hileotan, generoko lan barrien aurrestreinaldiak eskainiko ditu. Martiko hitzordua eguenean izango da, martiaren 7an, izan be, egun horretan, Estadu osoko zinma-aretoetara heltzeko bezperan, Koldo Serra getxotarraren 70 binladens thriller barria pantailaratuko da. Saioa 20:00etan hasiko da Azkuna Zentroko Golem-Alhondiga zinema-aretoetan. Sartzea doban da, baina gonbidapena jaso beharko da txarteldegian egun berean, 16:00etatik aurrera (gehienez gonbidapen bi persona bakotxeko, leku guztiak bete arte).

Koldo Serra eta antzezle taldeko hainbat kide (Emma Suárez, Nathalie Poza, Hugo Silva, Bárbara Goenaga, Daniel Pérez Prada...) Bilbon egongo dira eguenean, filma Azkuna Zentroan batutako jentearen aurrean aurkezteko, eta emonaldiaren aurretik antolatuko dan photocall saioan parte hartuko dabe Bilboko eta Bizkaiko bizitza sozial eta kulturaleko hainbat aupegi ezagunakaz eta Bilboko Udaleko ordezkaritzeagaz batera, Juan Mari Aburto Alkatea eta Nekane Alonso Kultura Zinegotzia tarteko dirala.

EHU/UPVtik Arte Ederretan lizentziauta dagoan Koldo Serrak, Amor de madre (Gorka Vázquezegaz idatzi eta zuzendutakoa) eta El Tren de la Bruja (Nacho Vigalondogaz idatzitakoa) lanak zuzendu ditu, munduko leku askotako jaialdietan saritutakoak. Bigarren lanagaz Europako Fantasiazko Film Labur Onenaren Urrezko Méliès Saria irabazi eban Amsterdam Fantastic Film Festival jaialdian. Joan dan udabarrian Bilbon errodau eben 70 binladens haren hirugarren film luzea da, Bosque de sombras (2006) eta Gernika (2016) lanen ostean.

Asier Guerricaechevarríaren, Javier Echánizen eta Juan Gil Bengoaren gidoiagaz, haren ohiko argazki zuzendaria dan Unax Mendiagaz (Grand Piano, No habrá paz para los malvados) eta Fernando Velázquezek (Lo imposible) sortutako soinu bandeagaz, Koldo Serrak antzezle talde sendoa osotu dau, Emma Suárezek, Nathalie Pozak eta Hugo Silvak osotutako hirukote nagusia, batez be. Eurekaz batera Bárbara Goenaga (Agnosia, Los Cronocrímenes), Susana Abaitua (Viaje al cuarto de una madre), Daniel Pérez Prada (La mano invisible) eta Fernando Albizu (Rumbos) ikusiko ditugu, beste batzuen artean.

Raquel (Emma Suárez) egoera personal gogorrean dagoan eta nahitaez, 24 ordutan, 35.000 euro, 70 binladen izenez ezagutzen diranak, lortu behar dituan emakumea da. Bere azken itxaropena bankuko mailegua da. Transakzinoa ixtera doanean, lapur bi (Nathalie Poza eta Hugo Silva) bankuan sartu eta horrek zailtasun gehiago ekarriko ditu. Baina Raquelek badaki bere aukera bakarra bertatik diruagaz urtetea dala, modu batean edo bestean.

Ekimen horren bitartez, FANT atxaki bila dabil, maiatza aurretik bere ikus-entzuleakaz batu eta hilean behin, estaduko aurre-estreinaldi bat eskainiko dau Golem – Alhondiga zinema-aretoetan.

Apirileko estreinaldia, 3an izango da, Michael Caton-Jonesen Asher (AEB, 2018) filma, hain zuzen be. Proiekzinoa 20:00etan hasiko da, doban, egun berean txarteldegian jaso beharko dan gonbidapengaz, leku guztiak bete arte.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu