'Rafiki' eta 'Ni d'Éve ni d'Adam', Zinegoak-eko nabarmenenak
2019-03-04 09:21 ZinemeaFilm horreen bien bidez, lesbianismoa Afrikan eta intersexualidadea bistaratu dira.
Bilboko LGTBI Zinemearen eta Arte Eszenikoen Zinegoak jaialdiaren 2019ko edizinoko palmaresean hainbat film sartu dira, baina antolatzaileek bi nabarmendu ditue, agertzen dituen baloreakaitik. Batetik, Wanuri Kahiu zuzendariaren Rafiki pelikula keniarra aitartu behar da, Afrikako herrialde haretako lesbianen egoerea erakusten dauen lana. Zuzendari Onenaren Saria ez eze, Lesbianismoa eta Generoa, eta Aniztasuna eta Giza Eskubideak ataletakoak be eskuratu ditu.
Beste film aitagarria Floriane Devigne suitzarraren Ni d'Éve ni d'Adam, un histoire intersexe izan da, intersexualidadearen egunerokoa erakusten dauen istorio barritzailea. Mathilde, dokumental honetako protagonistea, Bilbon izan zan, eta eskerrak emon eutsazan Zinegoak jaialdiari, intersexualidadeari lekua egiteagaitik: Orain dala hiru urte ezin neban gai honen inguruan berbarik egin, eta gaur egun saria jasoten nago hemen.
Beste alde batetik, fikzinozko lanik onena, ex-aequo, honakoentzat izan da: Alvaro Delgado-Apariciok zuzendutako Retablo eta Natasha Merkulova eta Aleksey Chupoven The Man Who Surprised Everyone. Epaimahaiak azpimarratu dauanez, biek eszenea ondo jagoten dabe, eta oso modu zehatzean teorian atseginak diran munduak islatzen ditue. Baina mundu horrek indarkeria gordina izkutatzen dau, protagonistek LGTB kolektibotik harago doan gatazkeari eta muga guztiei aurre egin behar deutsie.
FIK saileko gidoi onenaren saria Yen Tanen 1985 lanak irabazi dau, gazte baten drama personal eta familiarrean tensinoa eta emozinoa batzeagaitik, LGTB komunidadearen momentu historiko eta gogor batean. KRAK sail barriari jagokonez, Pelikularik Onenaren Saria ex-aequo film bik lortu dabe: alde batetik, Bertrand Manricoren Les Garçons Sauvages, eta bestetik, Evangelia Kraniotiren Obscuro Barroco.
Euskal Aktoreen Batasuneko epaimahaiak, Felix Maritaud aktoreari emon deutso Antzezpen Onenaren Saria, Sauvage lanagaitik, benetako pertsonaia bat antzezteko gaitasunagaitik, bere ezaugarri guztiakaz, egoera guztiak maisutasunez landu ditualako. Publikoaren Saria Reinhout Hellenthalek zuzendutako Anders / Something about Alex izan da. Persona erretiraduek osotutako Senior epaimahaiak Oasis saritu dau, eta Gazte epaimahaiak, O Órfao.
Zinegoak Luzapena
Amaitu da Zinegoak jaialdia, baina bertan ikusitako film onenez gozetako aukerea egongo da hurrengo asteetan Euskal Herriko hainbat txokotan, Luzapena atalari esker. Asteon, astelehen, martitzen eta eguaztenean, Donostiako Antzoki Zaharrera helduko da Luzapena. Rafiki emongo dabe hilaren 4an, Ni d'Éve ni d'Adam 5ean eta transexualidadearen inguruko film laburrak 6an.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!