Bixintxo Bilbao pelotariari zigorra kendu deutsie
2019-02-28 13:44 KirolaMunduko Txapelketako podiumean ikurrinea erakustea arauen kontrakoa dala esan eban federazinoak hasieran.
Bartzelonan urrian jokatu zan Munduko Euskal Pelota Txapelketan, binakako trinketeko finala irabazi eban Bixintxo Bilbao ziburutarrak. Frantziako selekzinoaren izenean jokatu eban, euskal selekzinoak ezin dauelako txapelketa ofizialetan parte hartu, baina bere nortasuna agertzeko, podiumean ikurrinea atera eban.
Bandera hori podiumean erakustea arauen kontra doala eta, Nazinoarteko Euskal Pelota Federazinoko Diziplina Batzordeak urtebete nazinoarteko txapelketarik jokatu barik zigortu eban Bilbao. Horrek erreakzino ugari eragin ditu: Eusko Jaurlaritzeak berak federazinoari eskatu eutsan erabagia barriro aztertzeko. Kirol mundutik zein beste alor batzuetatik, Bixintxo Bilbaori alkartasuna adierazo deutsie hainbat persona eta erakundek.
Diziplina Batzordearen erabagia bidebakoa eta larregizkoa ez eze, absurdua be badala esan dabe egunotan hainbat lagunek. Batetik, euskal pelotan euskal ikur bat ezin erakusteagaitik eta, bestetik, Frantziako selekzinoko trinketeko lau kideak Euskal Herrikoak diralako.
Kontuak kontu, Nazinoarteko Federazinoko presidente Xabier Cazaubonek erabagi dau Bilbaori zigorra kentzea, eta holan jakin eragin dau gutun baten. Estatutuek emoten deutsien eskumena erabilita, berak bakarrik hartutako erabagia dala azaldu dau Cazaubonek, baina aintzat hartu dau Diziplina Batzordearen lana.
Honenbestez, nazinoarteko txapelketetan jokatu ahal izango dau Bixintxo Bilbaok aurrerantzean, behin zigorra balio barik geratuta.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!