Ikurrinea erakusteagaitik Bixintxo Bilbaok jasotako zigorra kentzea eskatu dabe
2019-02-26 08:42 KirolaKirolariak kirol-txapelketetan hamabi hilez parte hartzeko galarazpena jaso dau.
Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailaren menpean dagoan Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendaritzeak gutun bat bialdu deutso Euskal Pelotaren Nazinoarteko Federakuntzeari (EPNF), EPNF erakundeak antolatutako txapelketa batean ikurrinea erakusteagaitik Bixintxo Bilbao pelotariak jaso dauen zigorra gaitzetsiz.
Ariketa Fisiko eta Kirol zuzendari Jon Redondok zigorraren legezkotasun bera ezbaian jarri eta adierazo dau erabakiak euskal pelotearen jardueran nahastautako eragile guztien, publiko zein pribatu, arteko harmonia eta alkar ulertzea lortzen ez dau lagunduko.
Eusko Jaurlaritzearen ikuspegitik, harrigarria da kirolariaren egintza arau-hauste larritzat jotea, ikurrinea era ofizialean autortua dagoan lurralde bateko bandereari jagokon ikurra dala kontuan hartuta. Kirolariak bat egiten dauen lurralde bateko bandera kirol-txapelketa baten podiumean agertzeak zelako eragina izan leiken EPNFren eta bere organoen irudi onean ulergatxa da guretzat, izan be, jakingo dozuenez, taldekako eta selekzinoen arteko nazinoarteko kirol-txapelketetan oso ohikoa da eurentzat kuttuna dan jaioterriaren edo lurraldearen banderea soinean edo eskuan daroela kirolariak podiumera igotea, ganeratzen dau gutunak.
Esangura horretan, zigorraren ebazpenak ikurrinea lako ikurrak galarazoten dauen EPNFren arautegi-xedapena aitatzen ez dauela nabarmendu dau Redondok: Arduratzekoa da sari-banaketa batean bandera edo ikur bat agertzea galarazo eta zigor hau oinarritu dauen EPNFren arautegi-xedapena ebazpenean ez agertzea; existiduten ez dalako izango da akaso.
Zigorraren legezkotasuna ezbaian jarteaz harago, zigorraren proportzinorik eza kritikau dau Eusko Jaurlaritzeak: Aplikautako zigorraren legezkotasunaz harago, dudarik ez dago proportzinorik bako neurri baten aurrean gagozala, kirolariak kirol-txapelketetan hamabi hilez parte hartzeko galarazpena jaso dauelako, arautegiak berak galarazoten ez dauen egintza baten ondorioz, adierazo dau.
Horregatik guztiagaitik, zigorra bertan behera ixtea eskatu dau Jaurlaritzeak: Aitatu kirolariari ezarritako zigorra bertan behera ixtea, arren, eskatzen deutsuegu. Gorago aitatutakoa lako egintzak zigortzea inori mesede egiten ez deutson giroa sortuko dau, sensibilidade ezbardinak baitagoz, danak be errespetagarriak, euskal pelotearen kirol-modalidadean sartutakoo eragile ezbardinetan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!