Zinegoak-en proiekzino bereziak eta nazinoarteko gonbidatuak egongo dira

Bizkaie! 2019-02-25 13:10   Zinemea

Programazinoa gaur, hilak 25, hasiko da:  LGTBIQ+ Nagusien ikusgarritasuna landuko dauen proiekzino bereziagaz.

Zinegoak-ek hasiera indartsua izan ostean (1.100 lagun batu ziran Arriagan), bigarren asteko programazinoan proposamen interesgarri ugari egongo dira: Golemen saioak amaitu eta gero, proiekzino nagusiak aste honetan Bilborocken egingo dira, baina BilbaoArten be saio batzuk egingo dira. Horrezaz gan, jarduerak egongo dira hainbat aretotan, besteak beste, Sarean, Hika Ateneoa, Via de Fuga, Bastida Aretoa (Azkuna Zentroa), FNAC edo Badulaken.

Bigarren asteko programazinoa gaur, hilak 25, hasiko da: Erroak saileko lehenengo saioa egongo da Bilborocken; Euskal Herrian sortutako lanak, hiru saiotan eskainiko dira: gaur, bihar eta etzi, 18:00etan, dobako sarrereagaz. Gaur, LGTBIQ+ Nagusien ikusgarritasuna landuko dauen proiekzino berezia egongo da, FNACen.

Bihar, ohiko programazinoaz gan, Azkuna Zentroko Bastida aretoan trans memoriari buruzko saio berezia izango da: Valeria Vegas kazetariak Vestidas de azul liburua aurkeztuko dau; lan horretan, espainiar transizinoan emakume transexualen azterketa sozial eta zinematografikoa egiten dau. Liburua aurkeztu eta gero, 1984. urtean, Antonio Gimenez-Ricok zuzendutako Vestida de azul lana proiektauko dabe.

Zezeilaren 27an, Erroak saileko azken saioa antolatuko da, eta Zinegoak-en saio berezi bi egongo dira. Alde batetik, 19:00etan Sareanen, Ekhiñe Etxeberriak Mikele lana aurkeztuko dau, trans nerabezaroaren ingurukoa. Dokumentaleko protagonistea be bertan egongo da. Beste alde batetik, 21:15ean Bilborocken, Ez Eva Ez Adan. Istorio intersexual bat dokumentaleko protagonista bat egongo da gurean, intersexualidadearen inguruan lehenengo personan berba egiteko.

Hurrengo egunean, hilaren 28an, Sareanen be jarduera osogarriak antolatuko dira. Work in progress saioan, proiektu bi aurkeztuko ditue: Ni naiz naizena websaila eta Mi pequeño samurai (Ekai Lersundiren inguruko film labur dokumentala); bertan Izaskun Arandia zuzendaria eta Elaxar Lerxundi, Ekairen aita, egongo dira. Azkenik, 21:00etan Via de Fugan Angelo Nestoreren Actos impuros lana egongo da.

Zinegoak-eko azken asteburuan ez da aspertzeko astirik egongo. Barikuan 20:15ean, Kartzela bollerak saioan, emakumeen kartzelatan sexualidade disidenteak lantzen dauenak, Cecilia Montagut zuzendariak parte hartuko dau. 21:30ean, bollo bertso-saioa egongo da Hika Ateneoan, lesbianismo eta genero ikuspegiaren inguruan: Eli Pagolak, Maider Arregik eta Saioa Alkaizak parte hartuko dabe eta gai-jartzailea Amaia Agirre izango da. Azkenik, 23:00etan Badulaken M’estoy quitando ikuskizunaz gozauko dogu, Nagore Gore eta Fernando Santosegaz.

Zapatuan, Bilborockeko saio biez gain, 22:00etan Zinegoak-eko Zarratze Ekitaldia izango da Bilboko Alkarte Filarmonikoan. Bertan, aurtengo saridunak nortzuk izango diran jakitera emoteaz gan, Apoyo Positivo GKEri aurtengo Sari Berezia emongo jako. Alkarte honek 25 urte bete ditu aurten, eta ikus-entzunezkoen bidez genero eta sexu–aniztasuna lantzen dau, Indetectables lako websailak sortuz, besteak beste (galan azken kapitulua proiektauko da).

Domekan, jaialdia amaitzeko, Zinegoakeko lan sarituak proiektauko ditue Bilborocken. Bilbon jaialdia amaitu eta gero, Zinegoak Ibiltaria hasiko da, hau da, Euskal Herriko 44 udalerri baino gehiagotan proiekzinoak egongo dira, 66 proiekzinogaz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu