Emakumeen burrukea nabarmenduko dabe 7. Thinking Football-en

Bizkaie! 2019-02-20 13:46   Zinemea

Martiaren 18tik 22ra hainbat film emongo ditue.

Antolatzaile eta babesleak, BBK Salaren aurrean | Ikusi handiago | Argazki originala

Athletic Club Fundazinoak urtero antolatzen dauen Thinking Football ikus-entzunezkoen jaialdiak zazpigarren edizinoa beteko dau aurten. Betiko legez, futbolaren alde soziala, aldarrikatzailea edo izkutua erakusten daben filmak proiektauko ditue, oraingo honetan emakumeen futbolean arreta gehiago jarrita.

Danetara, nazinoarteko bederatzi film aukeratu ditue egitaraurako: AEB, Iran, Erresuma Batua, Txina, Suedia eta abarretik datoz. Zimbalist anaiek, esate baterako, Nossa Chape aurkeztuko dabe jaialdiaren lehenengo egunean, Chapecoense taldearen tragediaren ingurukoa. Azken egunean, puntako futbolari izan barik Brasilgo talde ospetsuetan jokatu eban iruzurtiaren ganeko dokumentala emongo dabe, Kaiser.

Jon Vazquez Eguskiza Athletic Fundazinoko zuzendariak azaldu dauenez, aurten emakumeen arloa landu nahi izan dogu, eta hiru film emongo doguz. Irandik etorritako Cold Sweat izango da bat, selekzinoagaz atzerrian jokatzeko senarraren baimena behar dauen futbolariari buruzkoa. Bigarrenak, Freedom Fields-ek, Libiako emakumeen burrukea erakusten dau. Azkenik, Suediako Rosengard taldearen gorabeherak kontetan ditu Football for Better or Worse filmak. Europan punta-puntakoa da talde hori.

Horrezaz gan, futbolean dagoan homofobiaren gaia be badakar 7. Thinking Footballek, Suitzako Mario fikzinozko lanaren bidez. Kirol arloa ez eze, soziala be kontuan hartzen dogu, dino Vazquez Eguskizak. Zinemearen eta futbolaren bitartez egindako lan horri esker, nazinoarteko kluben beste fundazino batzuk itaunka etorri izan jakez Athleticekoei, eredu bila, Fundazinoko zuzendariaren esanetan.

Saio guztiak Bilboko BBK Salan izango dira, doban, baina adi ibili behar da aretoa guztiz bete baino lehen sartzeko. Proiekzino bakotxaren ostean barriketaldia egongo da ikusitako filmaren ganean. Urteterakoan, ganera, ikusleek gustukoen izan daben pelikulearen aldeko botoa emon ahal izango dabe, 2019ko Ikusleen Saria zein izango dan jakiteko. Hain zuzen be, igaz Kenny filmari esker irabazi eban Stewart Sugg zuzendaria Bilbon izango da, inaugurazino egunean, 2018ko saria emongo deutsie eta.

Egitaraua hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu