89 film jaso ditue XII. Huhezineman

Bizkaie! 2019-02-20 08:38   Zinemea

XII. Huhezinema 2019ko apirilaren 2tik 5era egingo da Aretxabaletan.

Danetara, 89 lan aurkeztu ditue Huhezinema Euskal Film Laburren Jaialdiaren 12. edizinora; horreetatik gehienak, 60 film labur, Sail Ofizialera aurkeztutako lanak dira; antolakuntza taldeak hamar finalistak hautatu beharko ditu ondoren epaimahai ofizialak sariak horreen artean banatu daizan.

Azken urtean Euskal Herrian egindakoaren lagin anitza batu dabe Sail Ofizialera aurkeztu diran lanetan: eskarmentuzko zuzendarien lanak eta hasibarrien filmak, emakumezko eta gizonezko egileen proposamenak, fikzinoko filmak, dokumentalak, alkarrizketarik bako filmak...

Mondragon Unibersidadeko Ikasleen Sailera hamaika lan aurkeztu ditue MUko ikasleek; bideoklipak, film laburrak eta dokumentalak aurkeztu ditue ikasleek.

Kutixi Sailean, barriz, 18 ikus-entzunezko jaso ditu talde antolatzaileak.

Jasotako film labur guztien artean Aukeraketa Batzordeak 10 film labur aukeratuko ditu jaialdiaren Sail Ofiziala osotzeko. Hamar horreetako bakotxak 200€ jasoko ditu hautatua izateagaitik. Hamar film horreek, beste lau sarion lehian ibiliko dira:

- Goiena Saria: 1.000€ (Epaimahai Ofizialak emongo dau): Euskerazko film onena sarituko da.

- Vertigo Saria: 400€ (Mondragon Unibersidadeko ikasleek osotutako epaimahai batek emongo dau). Dirulaguntzino publiko barik poroduzidu eta banatutako filma izan beharko da.

- Ikusleen Saria: 300€

- Mundukide Saria: 700€ (hiru sailetan aurkeztutako film laburren artean Giza Eskubideak eta Justizia Sozialaren gaiak egokien txertatuta dituan film labur onena sarituko dau).


XII. Huhezinemaren kartela

Aitzol Zubizarreta (1998, Santurtzi) Ikus-entzunezko Komunikazinoko graduko ikasleak irabazi dau 12. Huhezinema Euskal Film Laburren Jaialdia iragarteko kartel lehiaketea. Danetara, Euskal Herri osotik bialdutako 33 lan jaso ditu epaimahaiak, eta guztiak aztertu ostean, Zubizarretaren kartela hautatu dau jaialdia iragarri eta euskarrietarako diseinuak sortzeko.

Huhezinema jaialdia 2019ko apirilaren 2tik 5era egingo da Aretxabaletan, Arkupe Kultur Etxean eta Mondragon Unibersidadeko Campusean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu