Nicole Kidmanen film barria, FANTen eskutik

Bizkaie! 2019-02-19 08:05   Zinemea

Bilboko Golem-Alhondiga zinema-aretoan emongo dabe Destroyer. Una mujer malherida, eguenean.

Nicole Kidman, filmeko irudi baten | Ikusi handiago | Argazki originala

Bilboko Zinema Fantastikoaren Nazinoarteko Jaialdia, FANT, maiatzean hasiko da, baina aurretik hainbat jarduera antolatu ditue. Eguen honetan, hilak 21, Estadu Batuetatik datorren film baten aurre-estreinaldia egingo dabe, Karyn Kusamak zuzendutako Destroyer. Una mujer herida.

Nicole Kidman australiarra, Hollywoodeko izar handietako bat eta Oscar Saria irabazitakoa, da pelikulako protagonistea, Erin Bell detektibearen papelean. Sebastian Stan eta Toby Kebbell dira beste aktore nagusiak.

Gaztetan banda arriskutsu baten infiltrau zan Erin Bell polizia, eta orduko gorabeherak ahaztuta daukazala uste dauen arren, atzera etorriko jakoz lan harek eragindako desorekak, bandako liderragaz barriro topo egiten dauenean. Urrezko Globoetan aktore onenaren kategorian izentauta egon da Kidman, lan honi esker.

Polizia giroko thrillerra da Destroyer. Una mujer herida, zinema baltzaren eta akzinozkoaren elementuak buztartzen ditu. Karyn Kusama da zuzendaria, eta gidoigileak Phil Hay eta Matt Manfredi dira. Ipar Amerikako jaialdietan kritika onak jaso ditu filmak. Ikusi trailerra hemen.

Egueneko proiekzinoa 20:00etan hasiko da. Sartzea doban izango dan arren, aurretik gonbidapenak hartu behar dira, Golem-Alhondigako txarteldegian. Saioaren egunean bertan zabalduko dabe txarteldegia, 16:00etan. Bakotxak gonbidapen bi hartu ahal izango ditu gehienez. Destroyer. Una mujer herida emon eta gero, FANTen eskutik helduko dan hurrengo hitzordua beste proiekzino bat izango da: Koldo Serrak zuzendutako 70 binladens emongo dabe martiaren 7an.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu