Sridhar Rangayan, Zinegoak-eko lehenengo eguneko protagonistea

Dabi Piedra 2019-02-18 12:50   Zinemea

Zinemagile indiarra aitzindaria da bere herrialdean LGTB komunidadea ikusgai egiten.

Sridhar Rangayan eta Pau Guillen | Ikusi handiago | Argazki originala

Bilboko Zinegoak jaialdiaren 16. edizinoa hasiko da gaur, Arriaga Antzokiko inaugurazino galan. Sridhar Rangayan zinemagile indiarrari Ohorezko Saria emongo deutsie, eta Elisa y Marcela antzezlan galiziarra ikusi ahal izango da. Agerraldia egin dau goizean Rangayanek, bere lanaren nondik norakoak azaltzeko.

Pau Guillen Zinegoak-eko zuzendariak hiru arrazoi nagusi aitatu ditu Rangayani saria emoteko. Lehenengoa, LGTB zinemagintzea bultzatzeko egin dauen ahalegina, kontuan hartuta igaz arte debekatuta egon dala homosexualidadea Indian. Bigarren arrazoia Solaris produkzino-etxea da, Rangayanek 2001ean sortua eta harrezkero LGTBren komunidadea ikusgai bihurtzeko tresnea izan dana. Hirugarrenik, Mumbai uriko queer zinema jaialdia be berak sortua da.

Indian urtero 1.200 film egiten dira, baina jente askoren errealidadea ez dabe erakusten, homosexualena adibidez, azaldu dau Pau Guillenek. Sridhar Rangayanek hogei urte daroaz horri aurre egiten. Halandabe, zinemagile indiarrak onartu dau berarentzat be ez dala erraza izan gaur egungo egoerara heltzea. 1980ko hamarkadan guztiz galduta eta bakarrik sentiduten zan gaztetxua baino ez zala gogoratu dau, eta 1990eko hamarkadan Mumbai uri handira joan arte ez ebala beste homosexualik ezagutu.

Harrezkero, baina, Indiako LGTB komunidadearen bultzatzaile nagusienetakoa izan da: Alkarteak, newsletterra eta abar sortu zituan taldeko kidea zan Mumbain, homosexualen aldarrikapenak publiko egin zituen lehenengo aldiz, euren komunidadeko batzuek, ikareagaitik, dana sekretupean gordetea nahiago eben arren.

Zineman be, aspaldi hasi zan LGTB gaiak lantzen. 2002an The Pink Mirror aurkeztu eban, baina ez eban zinema-aretoetan emoteko baimenik lortu, lantzen zituan gaiakaitik. Baina ez eban amore emon: Inportantea da gure historiak be kontetea, jenteak jakin deian gu nor garen, adierazo dau Rangayanek. Agintarien trabak topau arren, bere filmak publiko orokorrari erakustea dau helburu, homosexualen errealidadea jente guztiari helduarazoteko. Horregaitik, Bollywood erako pelikulak egiten ditu gehienbat.

Asmo beragaz hasi zan orain dala hamar urte Mumbaiko LGTB zinemaldia antolatzen. Gaur egun, publikoaren % 30 inguru ez dala LGTB komunidadekoa azaldu dau. Ganera, gai horretako filmak pantaila handian eta lasaitasunez eskaintzeko gunea da jaialdia. Lehenengo edizinoan ikaraz egon ziran, erasoak jasango ete zituen, baina arrakastatsua izan zan.

2018ko irailean barri onak heldu ziran Indiako LGTB komunidadera. Indiako Gobernuak 377. legea indar barik itxi eban, hau da, homosexualidadea legez kanpo ixten eban araua. Orain, lasaiago adierazo leikie euren jokera sexuala herrialde haretan. Halandabe, Sridhar Rangayanek uste dau lan handia dabela egiteko, jente askoren pentsakerea aldatzea ez dala erraza izango. Askok uste dabe homosexualidadea txarra dala, edo Europako modea dala. Gizartearen ikuskerea aldatzeko, plazara urte behar dogu.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu