Bizkaian ikus-entzunezko 128 grabaketa egin zituen 2018an
2019-02-13 10:17 ZinemeaZuzendari ospetsuen filmen eta iragarki garestien agertoki da herrialdea.

Bilbao Bizkaia Film Commission 2015ean sortu zan, film, telesail eta iragarkietako grabazinoak Bizkaian egitea errazteko eta, holan, sektoreari bultzadea emoteko. Bizkaiko Foru Aldundiak azaldu dauenez, 2018ko datuak positiboak dira: Herrialdean grabau diran ikus-entzunezko produkzinoak gero eta gehiago dira, lau urtez egon da hazkundea. 2018an, Bilbok eta Bizkaiak indartu egin eben ikus-entzunezko proiektuak garatzeko posizionamendua, dinoe Aldunditik.
Datuei begiratu ezkero, igaz 201 produkzinori emon eutsien arretea erakundeek, eta 128 gauzatu ziran. Danetara, 508 lan-egun egin zituen Bizkaian ikus-entzunezkoak grabetan. Horrek 13 miloe euroko eragin ekonomikoa izan ebala kalkulau dau Foru Aldundiak.
Film luzeei jagokenez, aurreko urteetan baino gehiago grabau ziran Bizkaian 2018an. Fikzinozko zortzi lan luzeren agertoki izan zan Bizkaia, 2017koen bikotxa. Ganera, 42 iragarki, 16 bideoklip, 13 film labur, telesail bi... be egin ziran. Produkzino guztien erdiak inguru EAEkoak dira.
Bizkaia euren produkzinoetarako aukeratu daben sortzaileen artean, izen handiko batzuk dagoz. Alejandro Amenabar, Daniel Calparsoro eta Kepa Sojo, esaterako, euren film barrien sekuentzia batzuk grabetan egon ziran hemen. Koldo Serrak oso-osorik grabau eban Bizkaian 70 Binladens pelikulea. Telesailen artean, La víctima número 8 eta Presunto culpable egin ziran, biak telebistan arrakastaz emondakoak.
Bilbao Bizkaia Film Commission zerbitzu publiko eta dobakoa da, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Bilboko Udalaren ekimenez sortua. Ikus-entzunezkoak grabetako asmoz Bilbo eta Bizkaiko agertokiak aukeratzen dituen proiektu guztien lanak erraztea eta arintzea dau helburu. European Film Commission Network sareko eta Association of Film Commissioners International alkarteko kide da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!