'Lego Filma 2' eta 'Basque Selfie' estreinauko ditue gaur

Bizkaie! 2019-02-08 09:54   Zinemea

Zinema Euskeraz programeak Lego Filma 2 dakar euskeraz.

Zineuskadik bultzatzen dauen Zinema Euskeraz programeari esker, pantaila handira itzuliko dira orain bost urte mehatxu erraldoi bati (Lego Duplo inbaditzaileak) aurre egin behar izan eutsien Bricksburg-eko heroiak.

Lehen abentura haretako jazoeren ondoren, Lego Filma 2-k Lego Duploko inbaditzaileak heldu ondoren blokeen munduan izandako hondamendia erakutsiko deusku. Emmet, Lucy, Batman eta ganerako lagunek Danimarkako jostailu horreen umeentzako bersinoari eta bersino estralurtarrari aurre egin beharko deutsie. Bidean, Rex Dangervest topauko dabe.

Emmeten lidergoa arriskuan jarriko dauen abenturazale barri eta harroa da. Warnerrek Danimarkako jostailuen marka entzutetsua pantaila handirako frankizia bihurtu dau.

Batman: Lego filma eta Lego Ninjago filma lanen ostean, produkzino-etxea sagearen bigarren zatia atontzeko lanean ibili da. Mike Mitchell arduratu da zuzendaritza-lanez. Phil Lord-ek eta Christopher Miller-ek, Bob-Waksberg-egaz eta Michelle Morgan-egaz batera, seriearen lehen filma atondu ebenek, idatziko dabe gidoia. Orain arte, Warnerrek ez dau sinopsi ofiziala argitaratu eta, ondorioz, ez ditugu ezagutzen istorioaren zehetasunak.

Zinema Euskeraz programeak euskeraren erabilerea bultzatzen dau kultur komunikazinorako
bitarteko moduan. Horretarako, aisialdian euskerearen normalizazinoa sustatzen daben filmen eskaintzea jarten du herritarren esku.

Bariku honetan, ikusle guztientzat egokia dan Lego Filma 2 Euskadiko ondoko aretoetan estreinauko dabe: Donostiako Antiguo Berri, Golem Alondiga, Niessen Errenteria, Getxo zinemak eta Zugaza zinema (Durango).


Basque Selfie


Donostiako Zinemaldian proiektau eben lehenengo aldiz, eta harrera ona izan eban. Zinema-aretoetan, ostera, zezeilaren 8an, estreinauko dabe Iruñea, Bilbo, Donostia, Gasteiz, Madril eta Bartzelonan.

Korrontzi taldeko abeslari eta trikitilariaren bizipen personala pelikula bihurtu eta zaleek esku artean izango dabe gidoia irakurteko eta soinu bandea entzuteko aukerea. Musikaria dan arren, Agus Barandiaran da proiektu osoaren arimea, alderdi musikalean zein zinematografikoan.

Kontua da ze, orain dala bost urte inguru, familiaren baserria botateko prozesua hasi zala, egoera gatxa, Barandiaranen arabera. Baina aurrerapenaren eta tradizinoaren arteko horretan, istorio interesgarria egoala be ikusi eban. Joaquín Calderón zuzendari nafarragaz bat egin, eta, konturatu orduko, film baterako gidoia euken.

Soinu bandea, zelan ez, Korrontzirena da. Konponketak Xabier Zabalak egin ditu, eta nahasketak Cesar Ibarretxek. Grabazinoan Bilboko Orkestra Sinfonikoak hartu dau parte, baita euskal artista ezagun ugarik be: Garikoitz Mendizabalek, Mikel Markezek eta beste batzuek ipini dabe euren aletxua. Iraun, diskoko lehenengo abestia, pelikula honetarako beren-beregi eginda dago. Danetara, hamabi pieza dira.

Agus Barandiaran da protagonista nagusia, baina onartu dauenez, bera ez da aktore profesionala eta, horregaitik, goi mailako antzezleak nahi izan ditu inguruan. Itziar Ituño da beste protagonistea eta lantaldean dagoz, ganera, Itziar Aizpuru, Kandido Uranga, Aitor Merino eta abar. Maiatzean amaitu eben grabazinoa.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu