Martiaren 22an estreinauko dabe Oier Aranzabalek zuzendutako ‘Margolaria’ filma

Bizkaie! 2019-02-06 11:57   Zinemea

Mikel Urdangarin zornotzarra da dokumentalaren protagonista.

Egilearen lehenengo pelikulea igazko 65. Donostiako Zinemaldiko Zinemira sailean aurkeztu eban. Orain, barriz, areto komertzialetan ikusi ahal izango da.

Mikel Urdangarin abeslaria da dokumentalaren protagonista, baina Zornotzako artistea bidea da edozein sortzailek buruan dituan gai unibersalak jorratzeko: sortzetik bizitzearen erabagia, bokazinoa, sorkuntzearen prozesua, porrota, bakardadea edo ospea.

Aranzabal proiektuaren gidoigile taldeko kide be bada, eta azken urte bi egin ditu Urdangarin grabetan eta haren bizitzako egunerokotasuna (bidaiak, kontzertuak, entseguak...) jarraitzen eta lan horren ondorioa da Margolaria: bidaia baten istorioa. Bidaia horrek Urdangarin Buenos Airesera, Edinburgora Londresera eta Okinawara (Japonia) eroan dau.

Zuzendariaren esanetan, pelikulea ez da Mikel Urdangarinen azken diskoaren making of bat. Ez da hainbat alkarrizketagaz apaindutako protagonistea omentzeko bideoklipen zerrenda bat. Mikel Urdangarinen dokumentala be ez da. Margolaria, familiaren eta lagunen babesik barik, musikatik biziteko bere lanpostu finkoa itxi dauen persona baten historia da. Bakardadearen eta kontzertuko jentetzearen arteko dikotomiaren historia. Personearen eta personaiaren arteko hartu-emonak kontetako historia.

Pelikulan beste sortzaile eta bidaide batzuk be agertzen dira: Alain Urrutia margolaria, Ángel Celada bateria-jotzailea, Elizabeth Macklin The New Yorker aldizkariko editore ohia eta itzultzailea, Kirmen Uribe idazlea, Jon Bews musikari eskoziarra, Nika Bitchiashvili biolinista georgiarra, Rafa Rueda musikaria edo Anjel Valdés, Elkar diskoetxeko produkzino zuzendaria.


Oier Aranzabal

Oier Aranzabal kazetaria da eta, egun Zuzeu wegbunea kudeatzen dau. Ganera, beste komunikabideetan kolaboratzaile ibilten da. 2012an, Lou Topet musika taldea sortu eban eta Paperezko Kontzertuak proiektuaren sustatzailea da. Horrezaz gan, hainbat bideoklip zuzendu ditu Elkar argitaletxearentzat.


Maluta Films

Produkzino etxea Donostian sortu zan 2008an eta ordutik hainbat lan plazaratu ditue: Albaitari film laburra eta Menchu Gal dokumentala (2012), Tres60 (2013) film luzea, Odola Odol (2015) dokumentala, Bagoaz! websailaren denporaldi bi (2017, 2018), Haizearen egia film laburra eta Ainarak eta Zutik daukagu arbola dokumentalak, momentu honetan produkzino fasean dagozanak.

Proiektu honek ICAA, Eusko Jaurlaritzea, EiTB, Bizkaiko Foru Aldundia eta Gipuzkoako Foru Aldundia erakundeen laguntzinoaa jaso dau, eta Atera Films da banatzailea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu