Norbere identidadea agertzeko askatasuna, 16. Zinegoak-en aldarria
2019-02-05 12:56 ZinemeaJaialdiaren aurtengo edizinoko Sail Ofizialak hiru atal izango ditu: FIK, DOK eta KRAK.
Zezeilaren 18tik martiaren 3ra egingo dabe Bilboko Gaylesbitrans Nazinoarteko Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdiaren, Zinegoak-en, 16. edizinoa. Betiko legez, gizartearen aniztasunaren eta askatasunaren aldeko mezua zabalduko dabe, baina aurtengoan aldarri zehatz bat dakarre: Bakotxa dan moduan agertzeko libre izan daitela, aurreretxirik jasan barik, nork bere identidadea nahi dauen legez erakutsi ahal izan daiala. Lumaz harro da leloa.
Idea horregaz bat dator 16. edizino honetako kartela. Cassandro el Exótico burrukalari mexikarra agiri da bertan, ingurune matxista baten bere nortasuna eta itxurea lotsa barik agertu dituan txapelduna. Hain zuzen be, hari buruz eginiko dokumentala proiektauko dabe Bilbon, Zinegoak-en barruan.
Jaialdian LGBTI+ komunidadearen errealidadea mundu zabalean erakusten daben filmak izango dira ardatza. Sail Ofiziala berregituratu egin dabe, baina. Eskaintza zabala modu argigarri baten antolatzeko, hiru atal nagusi sortu ditue: FIK, DOK eta KRAK.
Fikzinozko lan luzeak batuko ditue FIK atalean, esate baterako, Oscar Wilde idazlearen azken urteak kontetan dituan Happy Prince (Rupert Everett), eta Rafiki, lesbianismoa lantzen dauen Keniako lehenengo filma. DOK atalean, ostera, dokumentalak batuko ditue. Antolatzaileek Kartzela bollerak lana nabarmendu dabe, baita intersexualidadea ikusgai egiteko ahalegina be.
Azkenik, KRAK atala izango da heterodoxoena. Pau Guillen jaialdiko zuzendariaren arabera, sail apurtzailea da, dana nahastauko dau eta: Generoak, iraupenak, gaiak... Kokatzen gatxak diran filmen txokoa izango da KRAK. Edozelan be, hiru atalak izango dira Sail Ofizialaren parte bardin-bardin.
Proiekzinoen egoitza nagusiak Bilborock, Golem zinemak eta Bilbao Arte izango dira, azken horretan doban sartu ahal izango da, ganera. Baina jarduera osogarrietan Bilboko beste gune batzuetara be joko dabe. Berbarako, Erroak atalean sei euskal film emongo ditue, beste sail batzuetan lekurik izan ez dabenak. Profesionalentzako jarduerak, bertso saio bolleroa, eta abar be egongo dira jaialdiaren programazinoan.
Horrezaz gan, arte eszenikoei leku handiagoa egingo deutsie aurten. Danetara sei obra eszeniko dagoz egitarauan, tartean inaugurazino galan Arriaga Antzokian emongo dabena. XX. mendearen hasieran eleizan ezkontzea lortu eben Galiziako emakume biren istorio bitxia kontetan da Elisa y Marcela antzezlanean.
16. Zinegoak festibaleko datu batzuk emon ditue antolatzaileek: 145 jarduera izango dira danetara, aste biko programazinoan. Tartean, Sail Ofizialeko 25 filmak eta mundu mailako estreinaldiak izango diran beste lau. Euskal Herriko 13 produkzino programau ditue: Hamar film labur, dokumental bat eta arte eszenikoetako obra bi.
Pau Guillenen ustez, aste biko iraupena aproposena da era honetako jaialdi batentzat. Izan be, bilbotarrentzat eta ingurukoentzat erraztasunak dakarz formatuak. Zinegoak, izan be, bertokoentzako jaialdia dala azpimarratu dau Guillenek, kanpoan be gero eta interes handiagoa eragiten dauen arren.
Jaialdia bera amaitzen danean, Hedapena zikloaren txandea izango da. Urtero legez, Euskal Herriko herri eta urietara eroango dabe Zinegoak, proiekzinoen bidez. Aurten 40 herrik baino gehiagok emon dabe izena Hedapenan parte hartzeko. Batzuk barriak dira, esaterako Zarautz, Derio eta Zamudio.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!