Gatikako baserrien inguruko argitalpena

Bizkaie! 2019-02-01 10:48   Zinemea

Labayru Fundazinoak atondu dau katalogo erako liburuxkea.

Argazkia: Labayru Fundazinoa | Ikusi handiago | Argazki originala

Asteon aurkeztu dabe, Gatikako Gaztetxokoan, Gatikako baserriak-Caseríos de Gatika liburuxkea. Ekitaldian izan dira Labayruko zein Gatikako Udaleko ordezkariak: Adolfo Arejita eta Akaitze Kamiruaga Fundazinoaren ordezkari, eta Leixuri Arrizabalaga alkatea eta Nekane Garmendia zinegotzia.

Liburu hau Gatikako aldea-etxeen katalogoa da. 1850. urtea baino lehen eregitako 106 baserri agertzen dira. Testuak euskeraz eta gaztelaniaz dagoz, eta baserri bakotxak bere argazkia dauka. Lana egiteko, lehenengo eta behin, artxiboen eta dokumentazinoaren hustuketea egin dabe Labayruko adituek: Bizkaiko Eleizearen Histori Artxiboa, Bizkaiko XVIII. mendeko Sutegien Erroldak eta Foru Agiritegi Historikoan gordeten diran hainbat dokumentu aztertu ditue.

Horren ostean, jasotako informazinoa herriko lekukoakaz kontrastau dabe, bideo-grabazinoen bidez. Holan, mendeetan idatziz gorde diran leku-izenak eta gaur egun gatikarrek erabilten dituenak bat datozen ikusteko modua izan dabe.

Baserrien katalogoa auzoka banatu dabe: Butroe, Garai, Gorordo, Igartua, Libaroa, Sertutxa, Ugarte, Urresti eta Zurbao. Auzune bakotxaren mapan kokatu ditue baserri guztiak. Etxe bakotxari jagokon atalean, argazkiaz gan, zertzelada historikoak emoten dituan testutxua ipini dabe.

Era honetako lanak plazaratzea ezinbestekoa da, Bizkaiko herrien ondare historiko zein arkitektonikoa ezagutu eta sasoi bateko bizimoduaren ganeko datuak ez daitezan galdu. Horren beharra nabarmena da Gatikan, urte gitxian goitik behera aldatu dan udalerria dalako. Nekazaritzeak eta abeltzaintzeak indarra galdu dabe, baserri batzuk hutsik dagoz, eta bestelako jarduera ekonomikoetara jo dabe herritarrek.

Liburuxkea papelean argitaratu dabe, baina PDF formatuan be irakurri leiteke, hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu