'Dragon Ball Super: Broly', euskeraz zinema-aretoetan
2019-02-01 09:04 ZinemeaMarrazki bizidunetako pelikulea gaur, barikua, estreinauko dabe.
1990eko hamarkadearen hasieran mundu osoko gazteak harrapau zituan Dragoi Bolaren telesailak, Son Goku eta lagunen abentura harrigarriei esker. Euskeraz be ikusi ahal izan zan telesaila. Azken urteotan bigarren loraldi bat izan dau sailak, kapitulu, komiki eta pelikula barriei esker. Gaur egungo gazteek zein sasoi bateko nostalgikoek aukerea izango dabe azken abenturea zinema-aretoko pantailan ikusteko, Dragon Ball Super: Broly filma heldu barri dalako.
Zinema Euskaraz programearen bidez, film barria euskeraz ikusi ahal izango da Euskal Herriko areto ugaritan. Euskerazko estreinaldia, hain zuzen be, gaur, zezeilak 1, izango da. Japonian, jatorrizko bersinoan, abenduaren 14an estreinau zan, eta dagoeneko 100 miloe dolar batu ditu mundu osoan.
Tatsuya Nagaminek zuzendutako marrazki bizidunetako film honetan, euskal publikoak ondo baino hobeto ezagutzen dituan pertsonaiak agertzen dira, Son Goku danen buru. Ganera, Broly pertsonaiaren historia kontetan jaku. Alde horretatik, 1993an estreinautako Suaren borroka filmaren interpretazino barria da, eta Broly Dragoi Bolaren hari nagusian sartzeko balio dau.
Filmaren sinopsiaren arabera, pakean da lurra barriro, Potere Lehiaketearen ondoren. Beste uniberso batzuetan izaki ikaragarri indartsuak dagozala jakitean, Gokuk entrenatzen jarraitzea erabagi dau. Halako batean, Broly izeneko saia ezezagun bat agertu jake Gokuri eta Vegetari. Baina, saiak ez ziran desagertu, ba, Vegeta Planetea suntsitu zanean? Hortaz, zer ete dabil Lurrean Broly?
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!