Gai sozialak zinemagintzatik begiratuta, 9. Gizazinean
2019-01-31 10:36 ZinemeaZezeilaren 1etik 9ra egingo dabe jaialdia, Bilbon.
Bilboko hainbat txokotara helduko da Gizazinea Zinema Jaialdiaren 9. edizinoa, antolatzaile lanetan dabilen Caostica alkarteak azaldu dauenez. Urtero legez, gai eta ardura sozialak lantzen dituen filmak erakutsiko ditue, normalean karteldegietan ikusten ez diranak. Ganera, jarduera osogarriak egongo dira.
Proiekzinoak, gehienbat, Bilbo Zaharrean eta Zazpi Kaleetan izango dira. Bilborocken eta Maiatzaren 2a kaleko Caostica gunean egingo ditue saio gehienak, eta Unamuno plazako Euskal Museoan egongo da beste bat. Abandoko barrutian, ostera, Kale Nagusiko BBK Salea izango da Gizazinearen egoitzea.
Barikuan, zezeilak 1, ekingo deutsie jaialdiari, Caosticaren lokalean. 19:45ean aurkezpena egongo da, eta ondoren, Wes Andersonek zuzendutako Isla de Perros proiektauko dabe. Amaitzeko, barriketaldia atondu dabe. Hilaren 2tik 6ra be proiekzinoak egongo dira egunero, ostean barriketaldiak. 7an, ostera, erakusketea inaugurauko dabe Euskal Museoan, Elssie Ansareok atondutako Nfoni-Islada.
Zezeilaren 8an, film laburren arratsaldea egingo dabe Bilborocken, eta azken egunean, 9an, proiekzino bikotxa: Egin oihu: Joseba eta Superhéroes de barrio. Zinemaz aparteko jarduerei jagokenez, Pascual Molonguaren kontzertua (etzi 13:00etan) eta biñeta historikoen aurkezpena (5ean, 19:00etan) aitatu leitekez. Egitarau osoa, hemen.
Proiekzinoen ondorengo barriketaldietan pelikulearen zuzendariak egongo dirala agindu dau Caosticak. Era horretara, euren ikuspuntua publikoarenagaz konpartidu ahal izango dabe. Izan be, zinemearen eta beste adierazpide artistiko batzuen bidez, gaur egungo gai sozialen inguruko gogoetea zabaltzea da Gizazinearen helburua.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!