FANT jaialdia 25. edizinoa ospatzen hasi da

Bizkaie! 2019-01-24 08:49   Zinemea

Aurrestreinaldiak, zinema klasikoa, berbaldiak... antolatu ditue hurrengo asteetan.

Edizino berezia izango da aurtengoa FANT, Bilboko Bildurrezko eta Fantasiazko Nazinoarteko Zinema Jaialdiarentzat. Izan be, 25. aldiz egingo dabe, maiatzaren 2tik 11ra. Hori ospatzeko, gaur, eguena, hasita, askotariko programazinoa antolatu dabe Bilboko hainbat lekutan, jaialdiaren edizino biribila herritarrakaz konpartiduteko.

Gaur, urtarrilak 24, Felix J. Palma idazle ezagunagaz berba egiteko aukerea egongo da Bidebarrieta Kulturgunean, 19:30ean. Trilogía Victoriana sailaren egileak El abrazo del monstruo nobela barria aurkeztuko deutso publikoari, dobako ekitaldi horretan.

Ospakizun giroko aurrerapen honetan, ganera, zinemeagaz lotutako ziklo ugari egongo dira. Batetik, hilean behin, aurrestreinaldiak egingo ditue Golem Alhondiga zinema-aretoetan. Lehenengoa, urtarrilaren 31n: Anouk Whissell, François Simard eta Yoann eta Karl Whissell-en Verano del 84 film kanadarra, Goonie pertsonaiei egindako omenaldi garaikidea. Zezeilaren 21ean Karyn Kusama estadubatuarraren Destroyer emongo dabe eta, martiaren 7an, Koldo Serrak zuzendutako 70 Binladens.

BilbaoArte, bestetik, zinema klasikoaren egoitzea izango da, FANT 25-egaz alkarlanean. Martiaren 28an hasita, zinema fantastikoaren historian lekua egin daben sei film emongo ditue. Bilboko Udalak Uribarri auzoan antolatutako Istorio Biziak zikloagaz bat eginaz, han be proiekzinoak egongo dira. Besteak beste, Paul Urkijoren Errementari ikusi ahal izango da.

Zinegoak jaialdiak eta Loraldia Festibalak be bat egingo dabe FANTen edizino bereziagaz, eta proiekzinoak eskainiko ditue martxan dagozan bitartean. Literatureari jagokonez, Bizkaiko Foru Liburutegiak berbaldiak eta tailerrak antolatu ditu. 25. edizinoaren aurreko ospakizunok Arrigorriagara eta Barakaldora be helduko dira: Aurreko edizinoetan emon dituen film batzuk aukeratu eta proiektauko ditue herriotan.


Kartela eta spot-a

Hurrengo asteetako aurreprogramazino bereziak zinemaz beteko dau Bilbo, baina maiatzaren 2tik 11ra egingo dan jaialdia be ez dago horren urrun. Hortaz, antolatzaileak hasi dira zehaztasun batzuk publiko egiten. Batetik, kartela aurkeztu dabe: Pailazo bat agiri da, kandeladun pastela aurrean daukala. Bestetik, Aitzol Saratxagak zuzenduta, spot-a plazaratu dabe. Ikusi hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu