'The Dawn Wall’ eta ‘Mountain’ Zangozako aurtengo Mendi Tour zinemagintza eskaintzan
2019-01-24 08:02 ZinemeaMendi Tourra zezeilaren 1ean izango da (sartzea 3€).
Mendiko zinemagintzea da, muturreko kirolak, abentura eta natura gaiak jorratzen dituen filmak, eta Zangozako programazinoa ikusgarria da benetan. Bariku honetan bertan, hilaren 25ean, The Dawn Wall aurkeztuko da, sekulako filma. Tommy Caldwell munduko big wall edo horma handietako eskalatzailerik onena da protagonista, Hollywoodeko gidoi onenen parekoa da haren bizitza eta ibilbidea, eta hori erakusten dau film honek.
Joandako abenduan Mendi Film Festivala zabaldu eban filma da, 1600 ikusleren aurrean, Euskalduna Jauregian, eta Tommy Caldwell bertan zala –Peter Mortimer zuzendariagaz batera-, aurkezpena egiteko. Mendi Filmen 11. edizinoko sari nagusietako bat, Epaimahaiaren Saria, jaso eban. Eta 2019an, Mendi Tourreko film izarra izango da, formatu handian ikusi eta gozetako aukera parebakoa, Zangozan abiatuta.
Hilaren 25eko saio horretan bertan Hartz eta otsoakaz lotan film laburra eskainiko da, Iñaki Atxa natura argazkilari elizondarraren lana, Mendi Short egile amateurrentzako lehiaketearen irabazlea. Atxak berak aurkeztuko dau filma Zangozan.
Zezeilaren 1ean egingo dan saioan be film bi eskainiko dira: The Search for the Wooo film laburra hasteko: David Lama eskalatzaile eta alpinista ezaguna da protagonista, eta tartean Kepa Acero surflari bizkaitarrak be badau partea.
Mountain filma distiratsua dator gero, Jennifer Peedom-ek zuzendutako superprodukzinoa, Australiako Ganbera Orkestreak interpretautako soinu banda liluragarria dauena eta ahots kontalari sarkorra be bai, Willem Dafoe aktore ezagunarena. Abentura ikuspegi batetik mendiagaz doguzan hartu-emonak ezbaian jarten ditu film honek, irudi ikusgarrien bidez.
Mendi Jardunaldiak antolatu ditu beste behin Zangozako Udaleko Kirol Patronatuak, eta euren barruan eskainiko dira aitatu proiekzinoak Karmengo Entzutegian.
Kontuak kontu, film guztiak jatorrizko bersinoetan eskainiko dira, euskerazko eta gaztelaniazko azpidatziakaz lagunduta.
Programazinoa:
- Urtarrilaren 25ean (20:00): The Dawn Wall: Epaimahaiaren Saria BMFF 2018. 2015eko urtarrilean, Tommy Caldwell eta Kevin Jorgeson hatx eskalatzaile estadubatuarrek The Dawn Wall, Yosemiteko Parke Nazionalean (California) dagoan ia 1000 metroko hormatzarra, eskaletan egindako saiakereagaz mundu osoaren arretea bereganatu eben.
Tommy Caldwellentzat, ostera, The Dawn Wall eskalada hutsa baino askoz gehiago zan. Esperientzia gogorrak gainditu behar izan zituan bizitzan, eta lorpen ha bizimodu latz horren egikaritzea izan zan. 22 urte baino ez zituala, eta punta puntako eskalatzailea zalarik, Kirgistango matxinoek gatibu hartu eben. Handik gitxira, istripu batean hatz erakuslea galdu eban, baina eskaladea itxi beharko ebala inoen teoria guztiak irauliz are eta gogorrago eskaletan jarraitu eban. Eta ezkontza hartu-emonak bertan behera geratu jakozanean, The Dawn Wall era librean eskaletako proiektuan sartuta uxatu eban bihotzmina.
Dedikazinoa eta obsesinoa bereizten ez ziran puntura helduta, Caldwell eta bere kide Jorgesonek 6 urtez landu eta entrenau eben eskalau beharreko bidea. Azken saiakeran, eta mundu osoa euren peskizan egoala, Caldwellek erabagi sakon bati egin behar eutson aurre: bere amesa bete ahal izateko sokalaguna atzean itxi ala, eskura dauen arrakastea arriskuan jarri bien arteko adiskidetasunaren izenean.
Hartz eta ostoakaz lotan: Mendi Short 2018 lehiaketako irabazlea. Finlandiako Taigako basa-bizitza irudietara ekarria. Hartzak eta otsoak, animalia basatiak, argazkilariaren jopuntuan, beren inguru naturalean. Iñaki Atxa elizondarrak pasinoz bizi dau natura argazkilaritzea eta dokumentalgintzea, eta hori erakusten dau film labur honetan, zazpi egunez argazki berezi baten bila bizitako esperientzia kontauta.
- Zezeilaren 1ean (20:00): Mountain: Epaimahairen Aitamen Berezia BMFF 2017. Mendi zinemagintzearen historiako produkzinorik distiratsuenetakoa. Mendia eta gizakiaren arteko harremanaren lotura estuak eta kontraesanak. Australiako Ganbera Orkestreak sortutako soinu bandeari Jennifer Peedom zuzendariak egokitutako filma, eta biribiltzeko, Willen Dafoe aktore ezagunaren narrazino ahotsa. Mendiagaz dogun lotureari buruz hausnartzen eroango gaitu filmak. Mountain filmak mendiagazko gure lilurearen historian arakatzen dau, argi-itzalez betetako historian.
The search for the woo. Wooo fikzinozko sinbolizazino bat da, eremu barrietan esploreteak eragiten dauen zirrara eta dibersinoaren adiera bat. David Lama eskalatzaile eta alpinista ezagunak eta bere lagunek mendiak alde batera itxi eta surfa eta psicobloc-a egingo ditue Eskozian. Film labur dibertigarria eta psikodelikoa... Kepa Acero surflari bizkaitarra be tarteko dala.
Mendi Tour 2019
Bilbao Mendi Film Festivaleko lan onenak urte osoan zehar ikusteko aukerea emoten dauen erakustaldia da Mendi Tourra, nazinoarteko mendi zinemagintzarik onenaz gozetako aukera aparta. 2018an, 50 uri edo herritan aurkeztu ziran filmak, Euskadi eta Nafarroaz batera, Errioxa, Kantabria, Asturias, Galizia, Gaztela eta Leon, Madrid, Andaluzia, Valentzia, Katalunia, Aragoi eta Kanaria Handian.
Guztira, 14.400dik gora ikuslek gozau eben igaz Mendi Tour eskaintzaz. Bilbon egin zan azken Mendi Film Festivaleko lan sarituen maila bikaina da, beraz 2019ko Mendi Tourrak osagarri ezin hobeak ditu mendiko zinema onena, muturreko kirolak, abentura eta natura gaiez josita, ikusi eta gozetako.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!